Ione Hernandezen "Hermanas" filma Torontoko zinema jaialdian estreinatuko da
Pelikulak EITBren babesa du, eta Bizkaiko eta Madrilgo hainbat tokitan filmatu dute. Elena Anaya eta Emma Suarez aktoreak dira protagonistak.
"Hermanas" filmaren fotograma bat.
Hermanas Ione Hernandez zuzendariaren (Donostia, 1970) fikziozko lehen film luzeak Torontoko Nazioarteko Zinemaldian izango du mundu mailako estreinaldia. Filmak EITBren babesa izan du, eta Bizkaiko eta Madrilgo hainbat tokitan grabatu dute.
Elena Anaya eta Emma Suarez aktoreak dira filmaren protagonistak. Chelo eta Marta izeneko bi ahizpa gorpuzten dituzte. Haien bizitza eta elkarrekiko harremana betiko aldatuko da ustegabeko gertaera baten ondorioz, eta erabaki beharko dute noraino iristeko prest dauden maite dituztenak babesteko.
Carlota Keiko, Leon Martinez, Josean Bengoetxea, Aritz Kortabarria eta Nora Otxoteko aktoreak ere ageri dira film luzean.
Torontoko Nazioarteko Zinemaldiak 51. edizioa du, irailaren 10etik 20ra. Ione Hernandezen opera prima zinemagile hasiberriei zuzendutako Discovery atalean hautatu dute. Hermanas filmarekin batera, sail horretan beste 23 pelikula proiektatuko dira. Kanadan estreinatu ostean, udazkenean iritsiko da filma gure zinemetara.
Ione Hernandez zuzendari eta gidoilariaren fikziozko lehen film luzea da. Donostiarrak prestakuntza zabala du ikus-entzunezkoen munduan. Zinemagile lanean, nazioarteko ibilbidea duten hainbat film labur eta dokumental zuzendu eta idatzi ditu. Laburrak Kimuak eta Madrid en corto programetan aukeratuak izan dira eta 1 % esquizofrenia film luze dokumentala zinema-aretoetan ere eman zen.
Hermanas filmaren grabazioa 2025eko udazkenean hasi zen, 2021ean Ventana CineMad lehen saria irabazi eta MAFFetan hautatua izan ondoren.
Zure interesekoa izan daiteke
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da