Aitor Gabilondok torturari buruzko film bat zuzenduko du
Patria seriearen sortzaileak “kontakizuna osatzeko beharra” sentitzen du, “serieak zorretan nagoela sentiarazi eta gero”. EITB proiektuan parte hartzen ari da.
Aitor Gabilondo donostiar ekoizle eta gidoilariak (Patria, El príncipe, Yo adicto…) Poliziak Euskal Herrian egindako torturen gaineko pelikula filmatuko du, zinemarako egingo duen lehen proiektuan.
“Patria egin nuenean, torturen eta estatu terrorismoaren biktimekiko zor sentipen bat erne zitzaidala konturatu nintzen. Haserre ikusi nuen serie hori nolabaiteko kontakizun bakar eta behin betiko bat ezartzeko erabili zela, zeinarekin ez bainator bat. Ordudanik, istorioa osatu beharra sentitu dut”, azaldu du Gabilondok.
Pelikulak EITBren parte-hartzea du, eta hainbat urtetako ikerketa atzean, Gabilondok topaketak izan baititu biktimekin, forentseekin, abokatuekin, guardia zibilekin, politikariekin, ikertzaileekin eta lekukoekin. Filmaren abiapuntua Kriminologiaren Euskal Institutuaren “Euskadin gertatutako tortura kasuak ikertzeko proiektua” da.
Gabilondok ahotsa emango die, ekoiztetxeak azaldu dutenez, “denok bezala egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea duten beste biktima baztertu horiei, bere istorioak ukatzen zituztela ikusi dutenei”. “Atxilotuek torturak ETAren aginduei jarraituta asmatzen zituztela esaten ziguten, baina gezurra zen”, esan du Gabilondok.
Zure interesekoa izan daiteke
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da