ZuNonHanDA! azoka ibiltariak Durangoko Azoka zabalduko du
ZuNonHanDA! Durangoko Azokaren “azoka ibiltaria” Durangoko Kulturaren Jaialdiaren aurretik egingo da, lehenbiziko aldiz, astelehen honetatik, azaroak 17, abenduaren 4ra bitartean. Idazleek 22 liburu aurkeztuko dituzte Euskal Herriko 19 liburu saltokitan.
Ekimena 2020an abiatu zuten, Azokan aurkezten ziren lanei segida bat emateko asmoz, baina aurten Durangoko Azoka hasi aurretik egitea erabaki dute, “aurkezpenek are ikusgarritasun gehiago izan dezaten”.
Ekimenaren asmoa bikoitza da, “Durangoko Azokaren oihartzuna Euskal Herri osora zabaltzea eta liburu saltokiek urte osoan zehar egiten duten lana aitortzea”.
ZuNonHanDA!ren egitaraua Deustuko Liburudenan hasiko da gaur, azaroak 17, Euri eta ateri Alaine Agirreren liburuari buruzko solasaldiarekin (Ibon Egañak lagunduko du Agirre, 18:30etik aurrera). Azken aurkezpena Martin Martina eta gauekoak Amancay Gaztañagaren lanarena izango da, abenduaren 4an, Adarabar Eibarko saltokian (18:00).