Alejandro Gonzalez Iñarrituren hitzaldia astelehenean BBK Aretoan, 'Carne y Arena' erakusketaren inguruko jardueren barruan
Hitzaldia 19:00etan izango da, eta sarrerak eskuragarri daude jada, doan. Mexiko eta AEB arteko mugako migratzaileen eta errefuxiatuen esperientzia eta testigantzetan oinarritutako 'Carne y Arena' murgiltze esperientzia EITBko 5. platoan dago ikusgai martxoaren 16tik ekainaren 20ra arte.
Alejandro Gonzalez Iñarrituren Carne y Arena erakusketarekin lotutako jardueren artean, hitzordu berezia izango da maiatzaren 11n, astelehenarekin; izan ere, hitzaldia eskainiko du Gonzalez Iñarrituk BBK aretoan, Rosabel Argotek eta Ricardo Condek dinamizatuta. 19:00etan izango da, eta sarrerak eskuragarri daude jada, doan.
Carne y Arena murgiltze esperientzia, Alejandro Gonzalez Iñarrituren errealitate birtualeko lana, EITBko 5. platoan dago ikusgai martxoaren 16tik.
Mexiko eta AEB arteko mugako migratzaileen eta errefuxiatuen benetako esperientzia eta testigantzetan oinarrituta dago artelana. Esperientzia horrek barne hartzen du errealitate birtualeko 6 minutu eta erdiko emanaldia, non bisitariak ez duen migrazioa ikusten, “zeharkatu egiten du”.
Asteleheneko hitzaldiaz gain, erakusketa ikusgai izango den hilabeteetan, topaketak, eztabaidak eta hausnarketarako guneak izango dira, batzuk egun garrantzitsuetan: maiatzaren 21ean, Kultur Aniztasunaren Mundu Egunean, eta ekainaren 20an, Errefuxiatuen Mundu Egunean, esate baterako.
Hain zuzen, ekainaren 20ra arte egongo da ikusgai Carne y Arena erakusketa.
"CARNE Y ARENA"
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.