Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria
Esther Ferrer euskal artistak jasoko du 2026ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria, “bere ibilbide artistikoagatik eta Euskal Herriko hezkuntzan egindako ekarpenagatik”, epaimahaiak azaldu duenez.
Sariaren epaimahaia Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneren ordezkariek osatu dute.
Esther Ferrer inoizko euskal sortzaile esanguratsuenetako bat da. “1960ko hamarkadaren hasieratik, diziplina anitzeko ibilbide zabala garatu du, izaera kritiko sakonekoa, hizkuntzaren eta denboraren mugak gainditzen dituena, eta gorputza bere sorkuntza lanaren erdigunean kokatzen duena”, Eusko Ikaskuntzak adierazi duenez.
Bereziki performance artearen esparruan ezaguna, Ferrerrek arte garaikidearen mugak berrinterpretatzen lagundu du, nazioartean eragin handiko lengoaia propioa finkatuz.
Bere lana ikusgai egon da edo dago Madrilgo Reina Sofian, Guggenheim Bilbao Museoan, Parisko Val-de-Marne Arte Garaikideko Museoan, Rio de Janeiroko Arte Ederren Museo Nazionalean Bartzelonako Museu d’Art Contemporanin, Parisko Centre Pompidou museoan, Artiumen…
Bere ibilbide artistikoarekin batera, epaimahaiak nabarmendu du “Euskal Herriko hezkuntzan egindako ekarpena. 1963an Donostian sortutako Adierazpen Libreko Tailer aitzindarian parte hartu zuen José Antonio Sistiaga margolariarekin batera, baita Elorrioko Eskola Esperimentalean ere. Ondoren, irakasle lan zabala garatu du Kanadako, Frantziako, Italiako, Mexikoko, Suitzako eta Espainiako unibertsitate eta Arte Ederren eskoletan”.
“Gizartearen egungo bilakaerarekin konprometitutako artista bat” da Ferrer, epaimahaiaren ebazpenak jasotzen duenez, “artea askatasun-espazio gisa ulertzen duena”.
Gazte saria
Aurreko hilabetean jakitera eman zenez, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren irabazlea Maddi Alberdi San Martin izan da, “Gatibutasunetik askapenera: feminismo latinoamerikarrak eta euskal emakume abertzaleen bizipenak elkarrizketan” izeneko feminismoari eta euskal nazionalismoari buruzko ikerketarekin.
Alberdik eta Ferrerrek uztailean jasoko dituzte sariok.