Lehendakaria: “Tentsioa ezagutu gabeko mugetaraino areagotuko da; kezkatzen nau Madrilek arreta galtzea eta adostutako konpromisoei ez heltzea”
Imanol Pradales lehendakaria kezkatuta agertu da Radio Euskadiko "Boulevard" saioan Zapatero auziaren ondorioengatik.
Imanol Pradales lehendakaria Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egon da gaur, eta Madrilen sortzen ari den giroaz ohartarazi du, bereziki Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohiaren inputazioaren ondoren.
“Madrilgo giroa lehenagotik ere nahasia bazen, tentsioa inoiz ezagutu gabeko mugetaraino areagotuko da. Kezkatzen nau Madrilek arreta galtzea eta Euskadirekin adostutako konpromisoei ez erantzutea”, adierazi du.
Horrela, lehendakariak azpimarratu du Espainiako Gobernuak herritarren eguneroko arazoetan jarri behar duela arreta, hala nola osasunean, medikuen grebak eragindako ondorioak direla eta. Horren esanetan, badira “herritarrentzat garrantzitsuak diren gaiak”, eta gobernuak horiei heldu behar die.
“Herritarrei benetan axola zaiena lehenetsiko duen gobernu bat behar dugu, eta Euskadiri dagokionez, adostutako gaiak lantzen jarraituko duena”, nabarmendu du.
Zapatero auziaz
Era berean, Zapatero auziak politikaren sinesgarritasunean izan dezakeen eraginaz ere mintzatu da. “Herritarrek politikan duten konfiantzari eragiten dion auzia da. Atxikimendu falta eta urruntzea handitu ditzake”, esan du.
Horren harira, lehendakariak "zuhurtziaz" jokatzeko deia egin du. "Oso gertakari larria da: Espainiako Gobernuko presidente ohi bat epailearen aurrean eseriko da inputatu gisa (...) Nolanahi ere, zuhurtzia irizpideari eutsi behar zaio, errugabetasun presuntzioa errespetatuz eta epaileei beren lana egiten utziz", adierazi du.
Halaber, lehendakariaren iritzian, autoa "irmoa" da eta "ondo arrazoitua" dago: "Azken egunotan joera askotako aditu juridikoek esan dutena nahiko bat dator. Auto irmoa eta ondo arrazoitua da, baina instrukzio fasean gaude oraindik, zehazki ikerketa fasean".
Estatus berria eta Gernikako Estatutua
Ildo horretan, lehendakariak autogobernuaren estatus berriari buruzko negoziazioaz ere hitz egin du, "aurrerapausoak" eman direla adierazi du, baina ohartarazi du San Ignazio egunera arte geratzen den denbora "gakoa" izan daitekeela.
Pradalesek, era berean, nabarmendu du "erabat murgilduta" dagoela Gernikako Estatutua osorik betetzeko lanean. "Helburu hori betetzeko hamar pauso falta dira", esan du. Horren arabera, datozen asteak erabakigarriak izan daitezke negoziazio horretan, eta "uda aurretik transferentzien aldebiko batzordea" egin beharko litzateke.
PSE-EErekiko harremana
EAEko erakunde nagusietan bazkide diren EAJren eta PSE-EEren arteko harremanez galdetuta, Pradales lehendakariak bere gobernuko kontseiluan dagoen "konfiantza eta errespetu giroa" goraipatu, eta honakoa erantsi du: "Horri esker, euskal gizarteari kezka eragiten dioten gaietan jar dezakegu arreta: etxebizitza, osasuna, segurtasuna...".
PSE-EEk sare sozialetan zabaldutako memeaz ere mintzatu da, EAJren EBBko presidente Aitor Esteban igerileku batera jauzi egiten erakusten zuen irudiaz. Horren harira esan duenez, "politikan garrantzitsua da pertsonak errespetatzea".
Nolanahi ere, sozialistekiko harremanak onak direla azpimarratu du: "Urruntzen gaituena baino gehiago da batzen gaituena. Eta batzen gaituen hori zaindu egin behar da".
Euskara
Azken hilabeteetan EAJ eta PSE-EE aldendu dituen gaietako bat euskararen kudeaketa administrazio publikoan izan da. Lehendakariak azaldu du PSE-EErekin akordioa lortzen saiatu zirela, baina ez zutela adostasunik erdietsi, eta orain EH Bildurekin elkarrizketan ari direla, baina ez dakiela akordioa lortuko duten.
Edonola ere, euskararen inguruko adostasunak zabaltzeko deia egin du, eta azken hamarkadetan eraikitako adostasunei esker euskararen ezagutza eta erabilera handitu izana nabarmendu du. "Euskarak zubi gehiago eta harresi gutxiago behar ditu", esan du.
Gainera, "fokua ez galtzeko" eskatu du. Horren esanetan, arazoa ez da euskarak administrazioan duen pisua, baizik eta "migrazio fenomenoak" euskal "identitatean" eta hizkuntzan izan dezakeen eragina, edota euskarak pantailetan eta mundu digitalean duen presentzia.
Medikuen greba
Bestalde, lehendakariaren esanetan, Osasun ministro Monica Garcia “arazo bat” da, “duela bi hilabete baino gehiago ez duelako medikuen grebaren inguruan ezer jakin nahi”. Horren ustez, Estatutu Markoaren harira piztutako gatazka ministroak berak eragin du.
Horregatik, auzian “neurriak hartzeko” eskatu dio, eta konponbiderik eman “ezin badu edo nahi ez badu”, eskumenak Euskadiri eskualdatzeko galdegin du, “irtenbide bat bilatzeko”.
Pradalesek deitoratu duenez, Osakidetzako batez besteko itxaron-zerrendak hobetzeko “urrats handiak” eginak zituzten, baina estatutu markoaren kontrako medikuen grebak, “Espainiako Osasun Ministerioaren erabaki baten ondorio etorri denak”, egoera “nahasi” du. Arazoari “Euskaditik eta dagozkion eskumenen barruan” erantzuten saiatzen ari direla gaineratu du.
Munduko Txapelketa Bilbon eta Donostian
2030eko Munduko Txapelketaren egoitzen inguruko eztabaidaz galdetuta —Bilbo eta Donostia egoitza izan behar ote diren—, lehendakariak adierazi du FIFAk “baldintza leoninoak” eskatu dituela, eta egoeraren “azterketa pausatua” egitea galdegin duela, auziak sektore askori eragiten dielako. “FIFAk datorren urteko urtarrilean hartuko du erabakia; denbora badago”, nabarmendu du.
UPNren polemika
Halaber, lehendakariak “babesa eta elkartasuna” adierazi dizkio Athletici, UPNk taldearen elastiko berria erabiltzea debekatzeko egin duen eskaeraren harira. Izan ere, kamisetaren diseinuan Euskal Herriko mapa ikus daiteke, ikurrinaren koloreekin.
Pradalesek gogorarazi du Nafarroako Gobernuak berak “argi eta garbi” esan duela “lege aldetik ez dagoela ezer zalantzan jartzeko modukorik”. Haren hitzetan, “UPNk liskarra eta zatiketa eragiteko baliatu nahi duen polemika erabat antzua da”.
Lehendakariak ohartarazi du “oso arriskutsua” dela “sinboloekin eta identitateekin zatiketaren eta enfrentamenduaren jokoan aritzea”, eta polemika hori “ez hauspotzeko” eskatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Madrilgo Ramon y Cajal Ospitalean itxaron-zerrendak manipulatu dituztela salatu dute
'El País' egunkariak argitaratu duenez, ebakuntzen itxaron-zerrendan zeuden herritarren lehentasuna aldatzea agindu zuten ospitaleko bi arduradunek, zirujaurekin hitz egin gabe.
Puigdemonten amnistia eskariari ezezkoa eman dio berriz Llarena epaileak, eta Konstituzionalaren erabakiaren zain geratu da
Goreneko epailearen ustez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen epaiak ez du aldatzen politikari katalana Amnistia Legetik kanpo uzteko Llarenak berak finkatutako lehenengo arrazoiaren oinarria.
Egian migratzaile bati egindako erasoa gaitzetsi du Insaustik eta "motibazio arrazista" dagoen ikertzen ari direla esan du
Jon Insausti Donostiako alkateak gaur azpimarratu duenez, larria da pasa den astean Egia auzoan migratzaile bati egin zioten erasoa, eta gorrotoak hirian lekurik ez duela berretsi du. Biktima gizarte zerbitzuen sistemaren baitan zegoen, eta gaueko zerbitzuen eta "Otorduak" programaren erabiltzailea da.
Aburtok akordioak defendatu ditu eta "politika onaren alde" egin du
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak elkarrizketan, akordioetan, zerbitzu publikoan eta bizikidetzan oinarritutako politika aldarrikatu du, Udalaren Egoerari buruzko azken osoko bilkuran.
Ubarretxenak azpimarratu du ez dela aldebiko batzordea elkartuko akordio garrantzitsurik lortu ezean
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan nabarmendu duenez, Jaurlaritzak "ez du amore emango", baina akordioak lortu ahal izateko "beste aldeak borondate politikoa erakutsi behar du".
Chivitek hauteskunde kutsua ikusi dio Geroa Bairi, Belateko lanen bileratik "sartu baino kezkatuago" atera zela esan ostean
Ezustean eta harriduraz hartu ditu Nafarroako presidenteak Geroa Baik atzoko bileraren ostean egindako adierazpenak. Izan ere, Gobernuko bazkideek Belateko tunelen egoera aztertzeko bart egindako bileraren ostean, Pablo Azcona bozeramaileak "sartu baino kezkatuago" atera zela esan zuen. Azpiegituraren etorkizunari buruz esan du "oraindik ez dagoela ezer itxita".
Anduezak "seriotasuna" eta "diskrezioa" eskatu ditu Estatutu berriaren negoziazioan, "pazientziak muga bat duelako"
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak pazientzia galtzeko arriskua dagoela ohartarazi die EAJ eta EH Bilduri. Ildo horretan, lehia eta ika-mikak alde batera uzteko eskatu die biei.
Aburtok Bilbon egindako ibilbidea aldarrikatu du, eta akordioetan oinarritutako politika defendatu: "Denak ez du balio"
Alkateak hiru agintaldien balantzea egin du, eta elkarrizketan, elkarbizitzan eta herritarren zerbitzura jardutean oinarritutako politika aldarrikatu du. "Pertsona ona izan nintzela gogoan izatea gustatuko litzaidake», esan du.
Albiste izango dira: lehendakariaren bilera Confebaskekin, Adimen Artifizialaren moteltzea eta Zinemaldia ate joka
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gazte batzuek Felipe VI .a erregearen irudi bati burua moztu ziotela eta
Gertakariak igandean jazo ziren, Ernaik faxismoaren kontra deitutako martxan. Donostiako alkateak eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak ekintzok gaitzetsi dituzte.