Mehatxuak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Durangoko PPko zinegotzi Carlos Carciak “berehala geldiarazi” behar diren heriotza-mehatxuak salatu ditu

“Gau osoan zehar” mezu “bereziki mingarriak” jaso zituela eta Ertzaintzaren aurrean salaketa jarriko duela adierazi du.

Alderdi Popularrak Durango duen zinegotziak, Carlos Garciak, iragarri du Ertzaintzaren aurrean salaketa jarriko duela heriotza mehatxuak jaso dituelako. ETAk herrian egindako hilketak txalotzen dituen pertsona batek "gorrotoa adierazten duten eta berehala geldiarazi behar diren" mezuak bidali izan dizkiola jakinarazi du.

Garciak adierazi duenez, ETA bera hiltzen hiru aldiz saiatu ondoren, "bereziki mingarria" izan da mezu hauek jasotzea. Horietako batzuetan, gainera, 2000ko ekainean hil zuten Jesus Maria Pedrosa zinegotzia eta beste biktima batzuk aipatzen direla esan du "haien heriotza txalotu eta ni hiltzea lortu ez izana deitoratzeko".

Oso mezu "larriak" direla aipatu du. Argitu duenez, "ez zen iraina edo, besterik gabeko, eraso bat izan. Gau osoan zehar mezu ugari jaso nituen", esan du. Bere ustez gainera, bere "jardun politikoa ezagutzen duen Durangoko pertsona bat" da mezuak bidali zizkiona, "xehetasun oso odoltsuak" ematen dituelako. 

"Kargu publiko gisa mehatxatzen nau eta hori ezin da demokrazian onartu", berretsi du. Horrelako mezuak "berehala gelditu" behar direla azpimarratu du eta gizarteak argi izan behar duela "ezin direla zigorrik gabe gelditu".

Amaitzeko, bere esku dagoen guztia egingo duela jakinarazi du "Segurtasun Indarrek adierazpen publiko larri eta mingarri horien arduraduna" atzeman dezaten. 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Manifestazioa Itsasun, Iparretarrak taldeko kide baten omenezko murala ezabatzeko aginduaren kontra

Frantziako Gobernuko ordezkariak Iparretarrak talde armatuko kide ohi baten murala ezabatzeko agindua eman ostean, gaur Itsasun, Lapurdin, ehunka lagun kalera atera dira erabaki hori gogor kritikatzeko. Ez dago argi Udalak noiz ezabatuko duen Txomin Olhagaray Iparretarrak taldeko kidea irudikatzen duen margoa. Manifestariek adierazi dute artelan bat baino ez dela eta noizbait liburuak ere erreko ote dituzten galdetu dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X