Europako errugbiko finalek Bilbo hartuko dute asteburuan, 75.000 zalerekin
Bizkaiko hiriburuak EPCR Challenge Cup eta Champions Cup finalak hartuko ditu ostiralean eta larunbatean San Mamesen. Ekitaldiak milaka bisitari, trafiko mozketak, garraio publikoaren indartzea eta segurtasun eta garbiketa dispositibo zabala ekarriko ditu.
Asteburu honetan, Bilbo nazioarteko kirolaren erdigunean izango da berriz ere, Europako bi errugbi txapelketa nagusien finalak direla eta. Hiriak ekitaldi handiak hartu ditu azken urteetan, besteak beste, futbol eta errugbiko final kontinentalak edo Frantziako Tourraren irteera. Orain milaka zale espero ditu, batez ere Frantziatik eta Irlandatik etorriak.
Frantziako Montpellier eta Ipar Irlandako Ulster EPCR Challenge Cup txapelketa irabazteko borrokatuko dira ostiralean. Bigarren hitzordua larunbatean izango da, 15:45ean, Irlandako Leinster eta Frantziako Bordeleren arteko Champions Cupeko finalarekin.
Zaleentzako gune ofiziala Casilda Iturrizar parkean egongo da zabalik 11:00etatik 01:00etara, etenik gabe, eta kirol eta kultur jarduerak, musika, animazioa eta partiden emanaldiak izango dira bertan. Gainera, tabernek bi orduz luzatu ahal izango dute euren itxiera ordutegia asteburu osoan.
Aurreikuspenen arabera, 75.000 bisitari inguru etorriko dira, erdiak frantziarrak. Sarreren % 14 Belfastetik erosi dituzte eta % 8 Dublindik. Gainerako zaleak Euskal Herritik eta Estatuko hainbat tokitatik etorriko dira. Halaber, 30 hegaldi izango dira Loiuko aireportuan, eta hotelen okupazioa % 90 ingurukoa izango dela aurreikusten da.
Bilbo, errugbiaren lurrikararen epizentroa: Europako finalez gozatzeko gida
Bizkaiko hiriburua errugbiaren epizentroa izango da maiatzaren 22an eta 23an. EPCR Challenge Cup eta Investec Champions Cup lehiaketen finalak hartuko ditu San Mamesek, hiria milaka zalez, doako gune ludikoez, zuzeneko musikaz eta giro ezin hobeaz beteko duen nazioarteko ekitaldian.
Giro beroa izango da hiriko beste toki batzuetan ere. Universidad Rugby Bilbao taldeak zaleentzako gune bat irekiko du Indautxu plazan, bi egunetan, 10:00etatik 01:00etara. Horrez gain, familia eta haurrentzako kirol jarduerak eta "El Conquis" erakustokia izango dira Bizkaia plazan.
Trafikoaren lehen mozketak ostiralean hasiko dira, Abandoibarrean: 11:00etatik aurrera, larrialdietako ibilgailuak eta baimendutako autobusak baino ezingo dira sartu bertara.
17:00etatik aurrera, Sabino Arana, Felipe Serrate, Luis Briñas, Euskalduna zubia, Pozas, Rodríguez Arias eta Kale Nagusiko Jesusen Bihotza plaza eta Maria Diaz de Haro kalearen arteko tartera zabalduko dira murrizketak. Ordu eta erdi geroago, Urkixo zumarkalean ere izango dira mozketak, eta Moyua eta Jesusen Bihotza kaleen artean murrizketa puntualak egongo dira.
Larunbat arratsaldera arte egongo dira murrizketak, eta Udaltzaingoak pixkanaka irekiko ditu orduan kaleak. Gainera, kaltetutako zonetako aparkalekuak bertan behera geratuko dira, baina egoiliarrek hiriko edozein gun berdetan aparkatu ahal izango dute. Bilbao Kirolakek San Mamesen duen kiroldegia itxita egongo da.
Erakundeek garraio publikoa erabiltzeko gomendatu dute, batez ere metroa eta trena, Bilbobuseko eta Bizkaibuseko linea batzuek ibilbideak eta geralekuak aldatuko baitituzte.
Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren operatibo bateratuak larrialdi-fasea aktibatuta izango du asteburu osoan zehar, eta, gainera, indartu egingo dira kaleak garbitu eta hondakinak biltzeko zerbitzuak.
Zure interesekoa izan daiteke
70eko hamarkadan abortatzeagatik zigortutako "Basauriko Hamaiken" auziak 50 urte bete ditu