Jaurlaritzak Bero Plana abian jartzea aurreratu du, tenperatura altuen eraginez
Irailaren 30era arte egongo da indarrean, eta hiru ardatz ditu: eguraldi iragarpenak, osasun zaintza eta herritarrentzako oharrak.
Hainbat lagun, eguzkitan, Bilbon. Argazkia: EFE
Azken orduetako tenperatura altuen eraginez, Eusko Jaurlaritzak Bero Plana martxan jartzea aurreratu du. Osasun Sailak aktibatu du plana, Segurtasun Sailarekin eta Euskalmetekin koordinatuta. Normalean ekainaren 1ean abiatzen dute, baina aurten, beroaren eraginez, gaurtik izango da indarrean, irailaren 30era arte.
Planaren helburua da "tenperatura bero handiek herritarren osasunean dituzten ondorioak prebenitzea eta murriztea", bereziki zaurgarrienen artean.
Hiru ardatz nagusi ditu: tenperatura iragarri eta ebaluatzea, beroak osasunean eragiten dituen ondorioen zaintza epidemiologikoa, eta prebentzio neurriak eta oharrak zabaltzeko komunikazio sistema.
Arrisku egoerak hiru mailatan sailkatu dituzte: horia (abisua), laranja (alerta) eta gorria (alarma).
Gomendioak
Osasun Sailak ohartarazi duenez, gaurtik eta datozen egunetan espero diren tenperatura beroak direla eta —maila horiko arriskua—, oinarrizko prebentzio neurriak hartzea komeni da, "bero kolpeak, deshidratazioa eta bestelako arazoak saihesteko".
Kanpoan, eguzkiaren eraginpean egotea saihesteko gomendatu dute, batez ere eguneko ordurik beroenetan. Halaber, sei hilabetetik beherako haurrei ez die eguzkiak zuzenean eman behar. Txanoa, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki babesa erabiltzea ere aholkatzen dute, baita arropa arina, zabala eta transpiragarria janztea ere.
Bestalde, jarduera fisiko bizia ez egitea gomendatu dute, batez ere bero handieneko orduetan. Ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten konorte galerak izanez gero, osasun langileengana jotzea aholkatu dute.
Etxean zer egin
Etxea fresko mantentzeko, leihoak eta pertsianak itxita edukitzea gomendatu dute bero handieneko orduetan, eta etxea gauez aireztatzea gelak freskatzeko. Gainera, beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak eguerdi partean ez erabiltzea aholkatzen dute.
Haizagailuak kontuz erabiltzeko eskatu dute, izan ere, 35 gradutik gora ez dute gorputzaren tenperatura jaisten laguntzen.
Horrez gain, dutxa eta bainu freskoak hartzea gomendatu dute, baita aurpegian eta eskuetan zapi bustiak jartzea ere. Etxea fresko mantentzerik ez badago, egunean bi eta hiru ordu artean leku klimatizatuetan igarotzea aholkatzen dute, hala nola eraikin publikoetan.
Deshidratazioa saihesteko, ura eta bestelako likidoak maiz edatea gomendatu dute, egarri izan arte itxaron gabe. Kafeina, alkohola zein azukre asko duten edariak saihesteko eskatu dute, deshidratatzea errazten baitute. Fruta, barazki eta entsalada gehiago jatea ere aholkatzen dute, gatz mineralak berritzeko; eta otordu astunak, koipetsuak edo oparoak saihestea, beroari egokitzea zailtzen dutelako.
Pertsona zaurgarrienak
Azkenik, eskatu dute arreta berezia jartzeko haurrengan, adingabeengan, haurdun eta edoskitze garaian dauden emakumeengan, adinekoengan eta gaixotasunak dituzten pertsonengan.
Era berean, gogorarazi dute ez dela inoiz inor auto itxi batean utzi behar, itzaletan egonagatik ere. Bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak zaintzeko ere eskatu dute, eta egunean behin gutxienez bisitatzeko. Larrialdirik izanez gero, 112ra deitzeko galdegin dute.