Musika proiektuei bideratuko diete Durangoko Azokaren Sormen Beka aurten
Durangoko Azokak Sormen Beka eskainiko du aurten ere, sortzaile berriei begira, eta aurtengo deialdia musikari eskainiko dio.
Sortzaile berriek banaka zein taldeka aurkez ditzakete lanak, jatorrizkoak (ez dira onartuko ez bertsioak ez “adimen artifizialarekin sortutako lanak”) eta, hitzik izanez gero, euskara hutsezkoak. Deialditik kanpo geldituko dira nolanahiko bi lan edo gehiago argitaratu edo bost kolaborazio baino gehiago egin dituzten artista eta taldeak edo diskoetxe batekin kontratua dutenak.
Proposamenak aurkezteko epea irailaren 21era artekoa da, eta, epaimahaiak lan irabazlea hautatu eta gero, 15.000 euroko laguntzaren onuradunaren berri aurtengo Durangoko Azokan emango dute. Sormen lanaren emaitza, berriz, Durangoko 2027ko Azokan aurkeztuko dute.
2018az geroztik, sorkuntzako diziplina ugariri begiratu die Sormen Bekak. Iazko edizioan Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak komikia (Usue Egia, Ainhoa Olaso eta Mikel Urdangarinek sortua) izan zen irabazlea, eta aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko dute egitarauaren barruan.
Orain arte, lan hauek saritu dituzte: Atopia rol jokoa (Etzi Portu Maritimoa taldea), Baimenik gabe diskoa (Kai Nakai), Bañolet ikus-entzunezkoa (Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien), Barraka bideojokoa (Ibai Aizpurua), Eukalyptus antzezlana (Jon Ander Urresti), Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz haurrentzako telesaila (Marramiau sorkuntza taldea), Harien isla erakusketa (Irati Bazeta) eta Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak komikia (Usue Egia, Ainhoa Olaso eta Mikel Urdangarin).