Kezkatzeari uzten eta bonba maitatzen ikasi nuen nik, Amodio Arraro Doktorea
Esan eta idatzi, zera esan eta idatzi dute denek (hemen sakon miresten dugun Master Gardener-en autoreak, Paul Schraderrek, barne), The Dark Night eta Dunkirk filmen egilea dugun Christopher Nolanen Oppenheimer 24 urte ere ez duen XXI. mende honetako pelikularik onena da. Are, orain arte zinemaz genekien, sentitzen, geure egina genuen guztia azpikoz gora jarriko duen (digun) artelan infinitua da, gure baitan hartu ezinezkoa.
Asteazkenean estreinatu zen Iparraldeko aretoetan. Ostegunean, berriz, Hegoaldekoetan. Nik uste, ezin da, ezin dugu Oppenheimer ikustera joan asteburuko estreinaldi korriente, arrunta, ohikoa balitz bezala. Erabaki sendoa izan behar du gure aldetik. Ez, ezin da Oppenheimer jartzen duten areto horietako batean sartu kanpoan sargori egiten duelako eta zineman fresko-fresko izango garelako. Ezin da Bonba Atomikoaren sortzailearen potret ilunabarrekoa egiten duen 3 orduko pelikula dentso, lodi hori aukeratu igandeetako arratsak triste samarrak direlako, uda giroan bagara ere. Ez. Diotena egia bada, pelikula hau zinemaz uste genuen oro eta gure zeluloidezko sinesmenak suntsitzera baldin badator, amildegitik behera jauzi egiteko tenorean joan beharko dugu zinera.
Indarrak hartzen ditugun bitartean, errepaso txikia emango al diegu bonba atomikoa, bere leherketak barreiatu zuen erradiazio hilgarria, zabaldu zuen beldur gaindiezina, sorrarazi zituen munstroak, eragin zuen lilura (ederra baita askotan herioa… Izan ere, onddo erradioaktiboa hain zen erakargarri eta deigarria ezen Hiroshima eta Nagasakiko biztanle mila hil baitziren munduak lehenbizikoz ikusten zuen horri begira) gai, inspirazio, abiapuntu, iturri, ardatz izan duten hainbat pelikulari?
Artikulu honetarako, kasu, Stanley Kubricki berari lapurtu diogu bere film maltzur haren izenburua. Gogoan? Hegoaldean estreinatu orduko, ¿Telefono rojo?, volamos hacia Moscú jarri zioten. Iparraldean jatorrizkoari eutsi zioten, berriz: Docteur Folamour ou : comment j'ai appris à ne plus m'en faire et à aimer la bombe. Ingelesez, honela da, Kubrickek berak eta gidoigileek asmatua: Dr. Strangelove or: How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb. Alemanez, portzierto, burutik sano ez zegoen zientzialari protagonistaren izena askoz zorrotzago ematen du: Merkwürdigliebe.
Seguru berarekin akordatzen zaretela, iragan hurbilean naziekin eta nazientzako kontent asko lan egina da; elbarriturik, badu bere kasa mugitzen den esku ortopedikoa, joera nahiko desegokia duena, altxatu egiten da momentuero, Hitlerren aurrean balitz bezala. Baina ez, ez gaude III. Reichean, baizik eta Pentagonoan, Gerra Hotzaren garaian eta Strangelove Doktorea bada Estatu Batuetako presidentearen aholkularia. Berak ederki daki SESBen eta AEBen arteko lehian kontu bakar bat jo daitekeela ziurtzat: Elkarrekiko suntsipena… Nuklearra, jakina.
1963koa zen Kubricken filma. Askoz lehenago (1959an, hots) filmatu zuen Alain Resnaisek Hiroshima, mon amour, Marguerite Durasen kontakizuna abiapuntu gazi harturik. Bai paperean bai pantailan, bada Denborak ezabatuko ez duen esaldi bat, gerraostean Japonian den neska frantziarrari bere amorante japoniarrak behin eta berriro diona, Tu n' as rien vu à Hiroshima / zuk ez duzu ezer ikusi Hiroshiman…
Openheimerrek asmatzen lagundu zuen bonbak eraginiko izua nabaria da zientzia-fikziozko fantasiaren zenbait klasikotan.
Esaterako, 1957ko The Incredible Shrinking Man (Txikiagotzen den Gizon Harrigarria, edo). Bertan, auskalo nondik datorren, auskalo zerezkoa den laino izugarriak biltzen du, istant batez itsaso zabalean bere txaluparekin den gizon bat . Lurrera bueltatu orduko, sumatuko du gero eta txikiagoa, gero eta txikiagoa, gero eta txikiagoa dela…
Egun zaleek miresten dituzten Japoniako munstro ia guztiak (Godzillatik hasita, jakina) ihes erradioaktibo baten ondorioak dira. Ia denak. Ia. Denak.
Munduak indar nuklearrari zion/dion beldurra sekula ez zen, ez da amaitu(ko). Ez ahaztu Txernobyleko hondamendiaren inguruko telesail ikaragarri hura, gogoan izan Fukushimako terroreak bertakoengan utzi zuen aztarna sendaezina ezagutzeko, Nobuhiro Suwaren Kaze no Denwa (Haizearen Telefonoa) duzuela alokagai Filmin plataforman.
Bai, Oppenheimer ikusiko dugu. Baitezpadako erabakia. Ondo pentsatua, ondo hausnartua. Bitartean, sarean ikusgai den Imamuraren Kuroi ame (Euri beltza) ikus ezazue (min emango dizuela jakitun izan…). 1970koa den film honek bonba lehertu ostean, egunetan zehar ia-ia bustitzen ez zuen euri beltza aritu zuela kontatzen du, apaindurarik gabeko zuri beltz gordinean. Hilgarria zen euri hura. Ez, ez zinen momentuan hiltzen, baizik eta pixkanaka, egunez egun, hilabetez hilabete, urtez urte…
Gogoan izan ere, aretora arrimatu orduko, Robert Oppenheimerri Prometeo amerikanoa deitzen ziotela. Ederto dakizue zuek nola zigortu zuten jainkoek gizakioi sua erregalatu zigun heroi malapartatu hura.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro G. Iñarritu: "Bilbon egotea benetan sinbolikoa da niretzat"
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”.
Ura Bere Bidean jaialdiak hirugarren emanaldi bat izango du urriaren 22an
Aurresalmentan urriaren 23ko eta 24ko emanaldietarako sarrerak agortu ondoren, antolatzaileek hirugarren bat gehitzea erabaki dute, urriaren 22an, osteguna. Besteak beste, Olaia Inziartek, Eñaut Elorrietak, Zea Maysek edota Pantxoa eta Peiok hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Korrontzik BECen amaituko du nazioartean egingo duen 50 kontzertuko birari
BECeko kontzertua "Mundua Dantzan" biraren amaiera izango da. Hain zuzen ere, 50 kontzertuko bira izango da, eta, besteak beste, Malaysia, Kanada eta Txekia Errepublikara iritsiko da.
Iñaki Viñespre: "Egia esan, espero nuen besteak gainetik egotea, oso saio ona egin baitzuten bost bertsolariek"
Lehenengo aldiz prestatuko da Euskal Herriko txapelketarako, eta txapela urruti duela uste badu ere, ahalik eta lanik txukunena egiten saiatuko dela esan du Arabako txapeldunak.
Bengoetxeak "begirada aldaketa" eskatu dio Gobernuari, 'Guernica' Euskadira ekartzeko
Guernica Picassoren koadroa Euskadira lekualdatzeko aukerak teknikoki aztertzeko eskatu du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan.
Reina Sofiak baztertu egin du "Gernika"Euskadira ekartzea
Bonbardaketaren 90. urteurrena dela eta, Eusko Jaurlaritzak koadroa epe batez Euskadira ekartzeko eskatu ondoren, Reina Sofiak txosten tekniko bat argitaratu du, margolanaren egoeraren azterketa sakon batekin. Horren arabera, "ez da inolaz ere gomendatzen hura lekualdatzea".
Oteiza eta Basterretxea, elkarrekin, “Espazioaren arazoa” erakusketan
Oteiza Museoak Nestor Basterretxearen eta Jorge Oteizaren arteko harremana aztertzea proposatzen du erakusketa berri batean; biek partekatutako tokiak, proiektuak eta gertakariak aintzat hartuz. 80 obraz, filmaz, jatorrizko material dokumentalez eta argazkiz osaturiko multzo zabal baten bidez, bi sortzaileen ibilbide bateratua erakusten du. Martxoaren 26tik abuztuaren 30era egongo da ikusgai.
Euskarazko lau serie labur, pantailara bidean EITBk bultzatuta
Amarekin goxo goxo, Aloka(h)iru eta Izaki pixka bat gardenak filmatzen ari dira, eta apirilean hasiko dira Estu filmatzen. Primeranen estreinatuko dira, udazkenetik aurrera.
Lucia Lacarrak Adimen Artifizialari buruzko ikuskizuna estreinatuko du Bilbon
Zumaiar dantzari eta koreografoaren konpainiak “A.I. (Amalur Indarra)” oholtzaratuko du, Arriaga Antzokian, ostiral, larunbat eta igandean. Ikuskizunak, Juanjo Arqués eta Matthew Goldingen koreografiak, laserra erabiliz egindako eszenaratze harrigarria eta Bardean filmatutako filma uztartzen ditu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.