Labayruk bizkaieraren gramatika sareratu du
Labayru Fundazioak Bizkai euskararen gramatika sareratu du, aspaldi argitaratutako bi lan, Euskeraren Jarraibide Liburua: Lehenengo pausuak (2001) eta Bizkai Euskeraren Jarraibide Liburua: Bigarren pausuak (2005), oinarri hartuta.
Sarean erabilgarri dagoen gramatikan, bizkaieraren ezaugarri morfologiko, sintaktiko eta ortotipografikoak batu eta sailkatu dituzte, “bizkaiera hobeto ezagutu eta erabili ahal izateko”.
“Bizkaieraz jarduteko orduan sor daitezkeen zalantzak argitzeko tokia” da gramatika, Labayruk azaldu duenez: “Gramatika honek mendebaldeko euskara edo bizkaiera estandarra deritzoguna finkatzen du, beti ere euskara batuarekin lokarriak ugariagoak eta estuagoak izan daitezen”.
Mami akademikoaz gain, hainbat jakingarri labur ere paratu dituzte webean, gomendio gisara, hala nola “Gaur gauez edo gaur gauean?”, “Ikuskeran, ikusikeran ala ikusieran?”, “Ni lezko bati edo ni lako bati?” eta “Kafe kikarakadea ala kikarakadea kafea”.