Gaiztoak dira bai neska horiek, baina dohainaniztunak
Bada Bidasoaren bi aldeetako gure etxe ondoko zein urrutiko pantailetan duela hogei urte izugarrizko arrakasta izan zuen komedia ero baten musikaz beteriko bertsio mende honetakoa den pelikula arras majoa. Gainbegirada batez, inozoa dirudi, bai. Baina, arren, ez fidatu gehiegi. Punteria ezin hobea du bai gidoiarekin bai kamerearekin. Ondorioz, tiroka hasten denean inor ez da ez libre, ez salbo ez sano ateratzen. Eskarmentu handiko Samatha Jay eta Arturo Perez jr. senar-emazteek zuzenduriko Mean Girls-en inguruan ari eta arituko natzaizue hizketan, izkribuan.
2004ko hura segituan, ziztu batean bilakatu zen K zinema herrikoiaren klasikoa. Jendeak buruz eta bihotzez ikasi egin zituen bertan esandako esaera eta esamolde hainbat. Eta ez bakarrik ikasi, baita barra-barra erabili ere. Arrakasta haren seinale ezin ukatuzkoa: simpsondarrek etxera eta Springfield beren herrira gonbidatu zituzten pertsonaia zenbait. Ganberro/bihurri/lotsabako eta maltzur halakoak zirenez, izugarri ondo pasa zuten denek Homer, Maggie, Lisa eta Barten konpainian…
Pelikula hartan, gero bai bizitzak bai sare sozialetan argitalpen merkeetan diharduten haters/gorrotodun horiek gaizki tratatuko zuten Lindsay Lohan aktorearekin egin genuen enkontrua. Harrezkero, urteak eman ditu errehabilitazio prozesu etengabeetan, zulo ilun askotik atera nahian. Jakin beza gaurko bertsio musikala ikusterakoan berarekin gogoratu garela. Nostalgiaz eta kariñoz.
Azeri tornuetan ederki asko eta plazer handiz dabilen jendaia gaztez beteriko pelikula aldrebesak (geuk maite dugun zentzuan hartu hitza, faborez) badirudite ere, ez pentsa, Zientzia Politikoetan lizentziatua den Rosalind Wisemanek kaleraturiko Queen Bees and Wannabes izeneko ikerketa serio eta sakon batean aurkituko dituzue film horien oinarri eta zimenduak, baita, fundamentua ere. Orrialde anitzeko azterketa horretan, bai ikastetxeetan bai lizeoetan bai unibertsitateko campusetan sortzen diren botere/umiliazio/adoraziozko loturak agerian, begi bistan eta ezin garbiago adieraziak azaltzen dira.
Ikerlan hartatik nobelak atera ziren. Eta gero, zeluloidean, 2004ko klasiko hura. Handik hamarkada batera, New Yorkeko Broadwayen (badakizue, antzerkiaren, musikalen, ikuskizunaren barrutia, auzoa) jendetza bildu eta denak zoratu zituen antzezlan musikala altxatu zuten. Orain, 2024a hasi berritan dela, musikal hark zinemara egin du salto, eta urteak joan, hamarkadak pasa arren, ez du ezer galdu bidean. Alderantziz, soberako gauzak irabazi. Esaterako, ederki asko baieztatuko dugu bertan zinema gero eta abilagoa dela gure sega-poto adimentsuetan dauden pantaila poltsikokoak pantaila handira egokitzen. Izan ere, filma Tik Token jasotako saio batez hasten da. Sasoi eta erritmo kutsagarrian.
Baina badago beste kontu interesgarria musikal honetan. Hortxe agertzen diren neskak eta emakumeak dohainez gainezka dira. Antzezleak izateaz gain, musikaren ardura egin dute bere. Entzuten diren zenbait kantuen hitzak beraiek idatziak dira. Eta nola ez, abestu egiten dituzte. Ez galdu bistaz sortzaile hauek, Angourie Rice, Reneé Rapp, Auli'i Cravalho, Avantika…. Arraroak suertatzen zaizkizue deitura horiek? Zera, etorki ezberdinetakoak dira batzuk eta besteak. Reneé, Hegoaldeko Karolinakoa; Angourine Australiakoa; Auli'i Hawaiikoa. Avantikak Indian ditu sustraiak eta Bollywoodeko amets fabrikako hainbat pelikulatan hartu izan du parte…
Baina ezin bukatu aipaturiko horiek baino helduagoa (1970ean jaio zen) den Tinay Feyi ohorezko agurra egin barik. Komikari aparta, Mean Girls bietako gidoia idatzi izan du, eta bietan markaz fuerakoa den Norbury andrea, irakaslea, hots, antzeztu.
Gaiztoak dira neskak, bai, baina mugarik onartzen ez zuen Mae West sortzaile eta aktore mitikoak esan zuen bezala, zintzoa naizenean oso ona naiz, baina gaizto jarduten dudanean askoz hobea nauzue. Horixe baietz. Ekin eta jarrai, neskatook.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro G. Iñarritu: "Bilbon egotea benetan sinbolikoa da niretzat"
Hotz zaplada batez hartzen du bisitaria, EITBren Bilboko egoitzaren 5. platoan, “Carne y arena” Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zuzendariak sortutako errealitate birtualeko “esperientziak”.
Ura Bere Bidean jaialdiak hirugarren emanaldi bat izango du urriaren 22an
Aurresalmentan urriaren 23ko eta 24ko emanaldietarako sarrerak agortu ondoren, antolatzaileek hirugarren bat gehitzea erabaki dute, urriaren 22an, osteguna. Besteak beste, Olaia Inziartek, Eñaut Elorrietak, Zea Maysek edota Pantxoa eta Peiok hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Korrontzik BECen amaituko du nazioartean egingo duen 50 kontzertuko birari
BECeko kontzertua "Mundua Dantzan" biraren amaiera izango da. Hain zuzen ere, 50 kontzertuko bira izango da, eta, besteak beste, Malaysia, Kanada eta Txekia Errepublikara iritsiko da.
Iñaki Viñespre: "Egia esan, espero nuen besteak gainetik egotea, oso saio ona egin baitzuten bost bertsolariek"
Lehenengo aldiz prestatuko da Euskal Herriko txapelketarako, eta txapela urruti duela uste badu ere, ahalik eta lanik txukunena egiten saiatuko dela esan du Arabako txapeldunak.
Bengoetxeak "begirada aldaketa" eskatu dio Gobernuari, 'Guernica' Euskadira ekartzeko
Guernica Picassoren koadroa Euskadira lekualdatzeko aukerak teknikoki aztertzeko eskatu du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan.
Reina Sofiak baztertu egin du "Gernika"Euskadira ekartzea
Bonbardaketaren 90. urteurrena dela eta, Eusko Jaurlaritzak koadroa epe batez Euskadira ekartzeko eskatu ondoren, Reina Sofiak txosten tekniko bat argitaratu du, margolanaren egoeraren azterketa sakon batekin. Horren arabera, "ez da inolaz ere gomendatzen hura lekualdatzea".
Oteiza eta Basterretxea, elkarrekin, “Espazioaren arazoa” erakusketan
Oteiza Museoak Nestor Basterretxearen eta Jorge Oteizaren arteko harremana aztertzea proposatzen du erakusketa berri batean; biek partekatutako tokiak, proiektuak eta gertakariak aintzat hartuz. 80 obraz, filmaz, jatorrizko material dokumentalez eta argazkiz osaturiko multzo zabal baten bidez, bi sortzaileen ibilbide bateratua erakusten du. Martxoaren 26tik abuztuaren 30era egongo da ikusgai.
Euskarazko lau serie labur, pantailara bidean EITBk bultzatuta
Amarekin goxo goxo, Aloka(h)iru eta Izaki pixka bat gardenak filmatzen ari dira, eta apirilean hasiko dira Estu filmatzen. Primeranen estreinatuko dira, udazkenetik aurrera.
Lucia Lacarrak Adimen Artifizialari buruzko ikuskizuna estreinatuko du Bilbon
Zumaiar dantzari eta koreografoaren konpainiak “A.I. (Amalur Indarra)” oholtzaratuko du, Arriaga Antzokian, ostiral, larunbat eta igandean. Ikuskizunak, Juanjo Arqués eta Matthew Goldingen koreografiak, laserra erabiliz egindako eszenaratze harrigarria eta Bardean filmatutako filma uztartzen ditu.
Iñarrituren "Carne y arena", mugan hara-hona
“Carne y arena” EITBren Bilboko egoitzan ekainaren 20ra arte bisitagai dagoen murgiltze instalazioan, Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagileak bultza egiten dio bisitariari besteen zapatetan sartzeko, une batez ezdeusei bidean lagundu eta mugan hara-hona ibiltzeko, errealitatetik fikziora, haragitik pixelera, hareatik zulora eta gizatasunetik ankerkeriara.