Negoziatzeko borondatea erakutsi arren, Eusko Jaurlaritzak eta oposizioak urrun ikusten dute aurrekontuen akordioa
Noel d'Anjou sailburuak adierazi du entzuteko eta elkarrizketarako fasea abiatu dutela, eta Eusko Jaurlaritzak proposamenak espero dituela. Oposizioko alderdiek, bere aldetik, hoztu egin dute koalizio gobernuarekin aurrekontu proiektuaren inguruan akordioa lortzeko aukera.
Noël D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak 2026ko aurrekontuen inguruko proposamenak trukatzeko oposizioarekin egingo duen bilera-sortari ekin dio.
Gaur EH Bilduko, PPko eta Sumarreko ordezkariekin, oposizioko talde guztiekin, bildu da, Voxekin izan ezik, Jaurlaritzak negoziazio horietatik kanpo utzi baitu.
Bilerak hasi aurretik, sailburuak adierazi du entzuteko eta elkarrizketarako fasea abiatu dutela, eta Eusko Jaurlaritzak proposamenak espero dituela.
Ildo horretan, negoziazio zintzoak eskatu dizkie alderdi politikoei.
EH Bilduk ez du adierazpenik egin bileraren ostean, baina aurretik, Egun On saioan, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak esan du ez duela ikusten "akordiorako borondaterik" gobernuan.
Laura Garrido PPk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen esanetan, "oso zaila" da haren alderdiak Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei babesa ematea bataren eta bestearen ereduak "oso ezberdinak" direla iritzita. Are gehiago, negoziatzeko borondaterik ez izatea leporatu dio.
BIlera amaitu berritan eta kazetarien aurrean bere "harridura" erakutsi du Garridok, pasa den urriaren 24an Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zioten proposamenaren erantzun ez diolako.
Sumarrek aurrekontu "kontinuistak" direla azpimarratu du D'Anjou sailburuarekin elkartu ondoren hedabideen aurrean eskainitako prentsaurrekoan. 890 milioi euroko balioa duten bost zuzenketa proposatu ditu koalizioak, etxebizitza, trantsizio energetikoan, hezkuntza, osasun eta zaintza politikan eragiteko asmoz.
Koalizio gobernuarekin akordioa lortzeko borondatea berretsi du Jon Hermandez Sumarreko legebiltzarkideak, baldin eta "sakoneko aldaketak" egiten baditu. Hori dela eta, pilota Eusko Jaurlaritzaren teilatuan dagoela gaineratu du.
Sumarren eta Euskadiko PPren agerraldien ondoren, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien txanda izan da. Susana Corcuera PSE-EEko legebiltzarkideak proposamen "sinesgarri eta posibleak" aurkezteko deia egin die EH Bilduri, PPri eta Sumarri.
Corcuerak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren kontuek "gehiengo nahikoa dute" Eusko Legebiltzarrean onartuak izateko, baina bere taldea "akordioak zabaltzeko prest" dagoela adierazi du.
Alaitz Zabala EAJko legebiltzarkideak azaldu duenez, Noël d 'Anjou Ogasun sailburuak oposizioaren proposamenak "aztertzeko" konpromisoa hartu du.
Nolanahi ere, gogorarazi du datorren urteko kontuen onarpena EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean duten gehiengo osoak bermatzen duela.
Bere hitzetan, Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek "egonkortasuna" ematen diete Euskadiko erakundeei, "inguruan ditugun beste estatu batzuetan ikusten ari garen zarataren aurrean".