Espainiako hauteskundeak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAJ, hauteskundeen ondoren 'bloke politiko' bat osatzeko prest

Espainiako Gobernua berria osatuko duten pertsonek pentsaera irekia izatea eta arazoak konpontzeko prest egotea nahiko luke Andoni Ortuzarrek.
Andoni Ortuzar. Argazkia: EiTB
Andoni Ortuzar. Argazkia: EiTB

Espainiako hauteskunde orokorren ondoren "bloke politiko bat" osatzeko prest dago EAJ, baldin eta "euskal interesen defentsak" eta estatu espainiarra erreformatzeko planteamenduek hori "eskatzen" badute, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen esanetan.

Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketan, PSOE, EAJ eta Podemos alderdien arteko balizko ituna hizpide izan du. Popularren hitzetan, aipaturiko hiru alderdiek bat egingo dute Alderdi Popularra Espainiako gobernutik "botatzeko". Ortuzarrek 'popularrak' urduri daudela uste du: "PP bere hautesleriari beldurra sartzen ari da, izan ere, badaki bere boto-emaileak mobilizatu behar dituela".

Ildo horretan, Ortuzarrek ukatu egin du Euskadin egindako bilerez gain, Ahal Dugurekin batzartu denik. Hala ere, egoerak eskatzen badu hor egongo direla azpimarratu du: "Euskal interesen defentsak eta estatu espainiarra erreformatzeko egin ditugun planteamenduek hala eskatzen badute bloke politiko bat osatzeko prest gaude".

Hauteskunde orokorren ondotik sortuko den Espainiako Gobernu berrian pentsaera irekiko pertsonak eta arazoak konpontzeko prest dagoen taldea egotea nahiko luke Andoni Ortuzarrek. Are gehiago, Gobernu berriak Euskadiren eta Kataluniaren izaera aitortzeko jarrera erakutsiz gero, Gobernua babesteko prest agertu da.

Bestalde, ez du uste Gernikako Estatutuaren erreforma egiteko aurrez Espainiako Konstituzioa aldatu behar denik, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak esan bezala. "Hobe da euskaldunon artean eztabaidatzea eta, gero, elkar hartuta jarrera bateratu bat Madrilen defendatzea", azaldu du. "Nik uste dut indar handiagoa lukeela Eusko Legebiltzarraren babes zabala izango lukeen planteamendu batek, oihartzun eta pisu handiagoa izango luke Konstituzioaren erreformari buruzko negoziazioetan", gaineratu du.

Konstituzioaren erreformari buruzko eztabaidan euskal nazioaz, erabakitzeko eskubideaz eta aldebikotasunaz hitz egitea nahiko luke Ortuzarrek; alabaina, EAJ eztabaida horretatik "kanpo" geldituz gero, itunak eta akordioak alde batera utzi eta beste bide batzuk jorratzeko prest agertu da.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X