Milaka gazte independentista bildu dira Abadiñoko Gazte Topagunean
Gaurtik igandera bitartean, mahai inguruak eta kontzertuak izango dira ekitaldi nabarmenenak. Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak esan du "Euskal Herrian ditugun erronken aurrean gazteok dugun paperaz gogoeta egiteko" balioko duela topaguneak eta ondo pasatzeko deia egin die parte-hartzaile guztiei.
Abadiñoko 2026 Topagunearen inaugurazio ekitaldia. Argazkia: Ernai
Ostegun eguerdian hasi da Abadiñoko Txanporta plazan egin duten ekitaldiarekin, aurtengo Gazte Topagunea. Eguraldi txarrari aurre eginez, jendetza elkartu da Abadiñon eta hurrengo orduetan milaka lagun iristea espero dute, Aberri Egunaren bezperan antolatu ohi den ekimenean parte hartzeko asmoz.
Festa eta aldarrikapena uztartzen dituen topaketak igandera arte iraungo du, eta hainbat tailer, mahai-inguru eta kontzertu izango dira. Feminismoa eta olatu erreakzionarioaren aurkako estrategiak izango dituzte, besteak beste, aztergai.
Inaugurazio ekitaldian, Ernaiko kideek eskerrak eman dizkiete "hilabeteetan lanean aritu diren gazteei zein Abadiñoko bizilagunei, emandako laguntzagatik".
Datozen lau egunetan "Euskal Herrian ditugun erronken inguruan hausnartzeko tartea" izango dutela esan dute, baita "gazte bezala, askapen prozesuan dugun paperaren inguruan hitz egiteko parada ere".
Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak azpimarratu du gazte independentisten topaguneak leku segurua izan behar duela, eta eraso matxisten eta arrazisten aurkako protokolo bana daudela martxan gogorarazi du. "Gozatzera etorri gara eta ez badakizu egoten, ez zara ongietorria", aldarrikatu du, eta ondoren, hurrengo egunetan disfrutatu eta ondo pasatzeko deia egin du.
Kontzertuen agenda:
APIRILAK 2
- Nafarroa 1512
- Maruxak
- Perlata
- Ezpalak
- Skabidean
- Etxepe
- Anuk eta Elene
- Pary & Klariona
- Dj Bull
APIRILAK 3
- Kiliki
- Tapia eta Leturia
- Fitoskinak
- Belako
- Cumbiako egarriak
- Odei
- Bassajaun Sound System
- Bengo
- Hofe
- Siwanaba B2b La Fulana
- DJ Bull
APIRILAK 4
- Pantxoa eta Peio
- Gozategi
- Sua
- Txama
- Arene 6
- BKTS
- Streetwise
- Xaukena Xauk
- Kuku & Kene
- Berakatz
- Dj Reimy
Gazte Topaguneak ibilbide luzea du. Etxarri-Aranatzen egin zen lehen edizioa 1994an, Jarraik antolatuta, eta ondoren hainbat tokitan egin izan da. Ernaik 13 urte bete ditu aurten, eta azken urteetan erakunde horrek antolatu du gazte independentisten topaketa.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik