Euskal Herria herritarrei ziurtasuna emateko proiektu kolektiboa dela defendatuko du EH Bilduk Aberri Egunean
"Zazpiak bat egin" lelopean, koalizio abertzaleak apirilaren 5ean egingo du urteroko hitzordua, Iruñean.
Iazko manifestazioaren artxiboko irudia. Argazkia: EH Bildu
Beste urte batez, EH Bilduk Aberri Eguna ospatuko du Iruñean (Nafarroa), eta bertan aldarrikatuko du "Euskal Herria herritarren bizitzetan segurtasuna eta ziurtasuna bermatu dezakeen proiektu kolektiboa" dela.
Astearte honetan jakinarazi duenez, koalizio abertzalea "egitarau zabala" prestatzen ari da apirilaren 5erako, eta, ohi bezala, hitzordu nagusia Nafarroako hiriburuko kaleetan eguerdian egingo duten manifestazioa izango da, "Zazpiak bat egin" lelopean.
Nazioarteko testuinguruan eta "ziurgabetasuna nagusi den garaiotan", proiektu kolektiboak inoiz baino garrantzitsuagoak direla uste du EH Bilduk. "Euskal Herria da, hain justu, ziurtasuna eman dezakeen proiektu kolektibo hori: erreferente antifaxista delako, eta justizia soziala eta bertako herritar eta gizarte sektore zabalen bizitzetan segurtasuna eskaintzeko gai dena", aldarrikatu du.
Hori dela eta, Aberri Eguna "Euskal Herriak irudikatzen duen proiektuarekin bat egiteko aukera" bezala planteatzen du, " faxismoari aurre egiteko, euskal herritarren bizi baldintzak duintzeko eta eskubide sozialak bermatzeko, eta oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoaren aurrean euskararen biziberritzea aldarrikatzeko".
"Finean, ziurgabetasuna nagusi den garaiotan ziurtasuna emango duen zerumuga erdiesteko, hain zuzen, ezkerreko soberanismoak helburu duen Euskal Errepublika", gaineratu du.
EH Bilduk, halaber, Trumpek Idahon ikurrina debekatzeko duen asmoa aipatu du, eta iragarri du Aberri Egunean, Iruñean, “bizirik dagoen, duela 40 urte NATOri ezetz esan zion eta garai historiko honi aurre egiteko gai den Euskal Herriaren ikur nazionala astinduko” dutela. Azkenik, asmo horrekin bat egiteko deia egiten diete euskal herritar guztiei.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik