Manuel Hernaez Ruidiaz milizianoaren gorpuzkiak identifikatu dituzte Zornotzako hilerrian
Matutekoa (Errioxa) jaiotzez, Bilboko bizilaguna zen eta Izquierda Republicanako Zabalbide batailoian borrokatu zuen Gerra Zibilean. Haren 91 urteko alabak emandako DNA laginari esker lortu da identifikazioa.
Zornotzako hilerria, artxiboko irudi batean. Argazkia: Gogora
Manuel Hernaez Ruidiaz miliziano errepublikanoaren gorpuzkiak 2025eko uztailean atera zituzten Zornotzako (Bizkaia) hilerriko hobi komunetik, eta hilabete batzuk geroago, hura identifikatzea lortu dute, 91 urteko alabak emandako DNA laginari esker.
Errioxako Matute udalerrian jaiotakoa, Bilboko bizilaguna zen, eta Izquierda Republicana alderdiaren Zalbide batailoian borrokatu zuen Gerra Zibilean.
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak jakitera eman duenez, familiak jakin zuen Muxika inguruan izandako borroka baten hil zutela Manuel, eta Zornotzako hilerriko hobian egon zitekeenaren susmoa zuen. 2023ko abenduan, hilerri horretan desobiratzeak egin behar zituztela iragarri zenean, Gogorarekin harremanetan jarri ziren senideak, identifikazio prozesua abiatzeko.
Alaba bakarra zuen milizianoak, eta haren DNA lagina utzi zuten Eusko Jaurlaritzaren DNA Bankuaren esku. Egindako azterketek baieztatu dute Manuel Hernaez Ruidiaz dela Zornotzan hobiratuta egon denetako bat.
2025eko uztailean amaitu ziren hilerri horretan egindako desobiratze lanak, eta denera, 157 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu zituzten. Orain arte, zazpi identifikatzea lortu dute.
Gogorak uste du 1936ko abendutik 1937ko maiatzera bitartean Bizkaian gerrako hainbat frontetan hildako borrokalariak edota Zornotzako Ospitale Militarrean hildako milizianoak direla Zornotzako hobi komunean lurperatu zituztenak.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik