Katalunia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Milaka pertsona bildu dira Bartzelonan Kataluniako errepublikaren alde

Manifestazioaren helburua alderdi independentistak presionatzea da, independentziarako bidean aurrera egingo duen gobernua osatzeko akordioa lor dezaten.
Kataluniako errepublikaren aldeko manifestazioa egin dute Bartzelonan. EFE

Milaka pertsona bildu ziren atzo, igandea, arratsaldean Bartzelona erdigunean, ANCk Kataluniako errepublikaren alde deitutako manifestazioan.

Manifestazioaren helburua alderdi independentistak presionatzea izan da, independentziarako bidean aurrera egingo duen gobernua osatzeko akordioa lor dezaten.

"República, ara" (Errepublika, orain) lelopean, Bartzelonako Colon Pasealekuan barrena ibili ziren, Drassanesetik Ciutadella parkera iritsi arte.

Manifestazioaren buruan, Agusti Acoberro eta Marcel Mauri ANC eta Omniumeko buruzagiak joan ziren, baita Carme Forcadell Parlamenteko presidente ohia eta Jordi Solé ERCko eurodiputatua ere.

Horiez gain, honako ordezkari politikoek ere hartu zuten parte: Neus Munté, Jordi Turull, Josep Rull, Albert Batet PDeCATeko buruzagia, Carles Riera (CUP) eta Ernest Maragall (ERC).

Generalitateko presidentea inbestitzeko prozesua blokeatuta dagoela egin zuten mobilizazioa.

Roger Torrent Parlamenteko presidenteak astelehenerako aurreikusitako inbestidura saioa atzeratzea erabaki zuen joan den ostiralean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Jordi Sanchezi jarritako kautelazko neurrien inguruan ebatzi arte.

Horrez gain, CUPeko diputatuak abstenitu egingo direla berretsi dute, JxCatek eta ERCk egindako azken proposamena jaso ostean. CUPen botoak beharrezkoak dira inbestidurak aurrera egin dezan.

ANCk JxCati, ERCri eta CUPi akordio eza aurpegiratu die

Kataluniako Gobernua osatzeko akordiorik ez lortu izana leporatu die ANCk JxCati, ERCri eta CUPi gaurko manifestazioan. Legegintzaldia hasteko eta errepublika bultzatzeko beharrezkoa dela berretsi du eta azalpenak eskatu dizkie: "Zer demontre gertatzen ari da? Zer geratzen da esateko?"

Jordi Paironek egin ditu adierazpenok, ANCko Idazkaritza Nazionaleko kideak, manifestazioa amaitutakoan emandako hitzaldietan. "Ustekabea eta haserrea" erakutsi ditu oraindik ez delako adostasunik lortu.

Albiste gehiago politika

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ramiro González: "Talgoren egoitza sozialaren itzulera oso albiste ona da, sinbolismoz betea"

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Talgo enpresaren egoitza soziala Arabara itzultzea goraipatu du. Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketan, Talgo erosteko operazioaren azken berriak izan ditu hizpide. Zalantzarik gabe esan du "oso albiste ona dela euskal industriarentzat eta bereziki Arabako industriarentzat", eta nabarmendu du Talgo aktibo garrantzitsua dela lurraldeko jarduera industriala berreskuratzeko.

Gehiago kargatu