Cuelgamurosen zeuden Gasteizko soldadu baten gorpuzkiak eman dizkiote familiari
Memoria Demokratikorako Estatu idazkariak adierazi duenez, "Gobernuak hartutako konpromisoari eutsiko dio, biktima guztiak hobitik ateratzeko, senideek hala eskatzen badute".
Constancio Allende Sanchoren gorpuzkiak entregatzeko ekitaldia. Argazkia: EFE.
Gerra Zibilean soldadu izan zen Constancio Allende Sanchoren familiak haren gorpuzkiak jaso ditu asteazken honetan. Falangearekin borrokatzera behartu zuten, Guadalajaran hil zen eta Cuelgamuros haranean egon da hobiratuta.
Ekitaldia intimitatean egin da, Gasteizen. Fernando Martinez Memoria Demokratikoaren Estatu idazkariak eman dizkie gorpuzkiak bilobei. Ekitaldian adierazi du Gobernuak Cuelgamuros ibarrean dauden “biktima guztiak lurpetik ateratzeko konpromisoa hartzen jarraitzen” duela, “senideek hala eskatzen badute”. “Oroimenerako betebeharra da; Estatu demokratikoaren betebeharra", gaineratu du.
Allende Vallarta de Bureban (Burgos) jaio zen, 1904an. Gaztetan Gasteizera emigratu zuen, eta han Gertrudis Elguea Saez de Vicuñarekin ezkondu zen.
Gazte askori gertatu zitzaien bezala, derrigorrez errekrutatu zuten tropa frankistek, eta Falangearekin borrokatu behar izan zuen. 1936ko azaroaren 2an hil zen, Guadalajaran, 32 urte zituela.
Paco Etxeberria buru duen taldeak egindako ikerketaren arabera, Constancio Allenderen gorpua Guadalajarako probintziatik Cuelgamuros haranera eraman zuten, 1959an.
Estatu idazkariak nabarmendu du gorpua bilobei eman dietela "egin ezin izan zioten dolua egin, eta amonaren ondoan hilobiratzeko".