UCOk Corvillo inplikatu du, Sanchezen txofer lanak egin zituen enpresaria, Abalosi egindako ordainketetan
Enpresari kordobar horren eta Abalosen bikotekide Andrea de la Torreren artean "lotura zuzena" aurkitu dute; izan ere, enpresari horrekin lotutako diruaren zati bat erabili zuten Andrea de la Torrek Madrilen lokal bat eta garaje-plaza bat erosteko.
Cristian Corvillo, atxilotuta, 2017ko PSOEren primarioetan Pedro Sanchezen txoferra izandakoa. Argazkia: EFE
Guardia Zibilaren Unitate Operatibo Zentralak (UCO) Cristian Corvillo inplikatu du Jose Luis Abalos ministro ohiari dirua ematean. Corvillo Pedro Sanchezen gidaria izan zen PSOEren 2017ko primarioetan. UCOren arabera, gainera, Corvillo izan zen VIctor de Aldama Abalosengana iristeko bidea.
Enpresari kordobar horren eta Abalosen bikotekide Andrea de la Torreren artean "lotura zuzena" aurkitu dute; izan ere, enpresari horrekin lotutako diruaren zati bat erabili zuten Andrea de la Torrek Madrilen lokal bat eta garaje-plaza bat erosteko. Erosketak 125.000 euroko kostua izan zuen.
Hala jasotzen du Corvillo eta De la Torre joan den astean atxilotzea eragin zuen polizia-txostenak. Txosten hori Koldo auziaren pieza bereizi baten baitan dago. Aste honetan, ostegunean, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak sekretupean zegoen pieza hori publiko egitea erabaki du.
Txostenean, UCOk sakon aztertu ditu Corvillok Abalosekin, haren aholkulari ohi Koldo Garciarekin eta Victor de Aldama bitartekariarekin zituen loturak. Hirurak zigortu dituzte maskarak erosteko kontratuetan izandako ustezko ustelkeriagatik. Halaber, ikertzen ari diren ustezko gaizkile taldean Corvillok parte hartu izanaren zantzuak bildu ditu Guardia Zibilak.
Entregak errazteko konexio-elementua
UCOk jakitera eman duenez, Andrea de la Torrek 2024an erositako Cerro del Murmullo etxearen erosketa ere ikertu dute. Erosketa egin aurretik, Corvillorekin lotutako Portugalgo sozietate batetik 65.000 euro jaso zituen De la Torrek. Horren aurretik, Abalosek berak finantzaketa bilatzeko ardura hartu zuen, eta Corvillorengana jo zuen dirua lortzeko.
Hortaz, UCOren ustez, Corvillo eta Andrea de la Torrek jasotako diruaren artean lotura dagoela erakusten duten zantzu argiak daude. Gainera, Corvillo Aldamaren eta ministro ohiaren arteko "lotura zuzen" eta "bitartekari" gisa jo du. Haren egitekoa, ikerketaren arabera, Abalosi eskudirua helaraztea erraztea zen.
Bestalde, UCOk Corvillo eta Aldamaren arteko elkarrizketa bat aipatu du. Guardia Zibilaren arabera, elkarrizketa hori "adierazgarria" da enpresariak PSOErekin zuen harreman-maila ulertzeko. Izan ere, Corvillok Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin zuzeneko harremana zuela esan zuen. Elkarrizketak, gainera, Abalosen inguruko gaien berri bazuela erakusten du, UCOren arabera.
Kontraprestazio ekonomikoak
Ikertzaileen arabera, Aldamak Abalosi eskudirutan emandako dirua helarazten ere lagundu zuen Corvillok. UCOk hainbat elkarrizketa jaso ditu txostenean. Elkarrizketa horietan, "fotokopiak" eta "boligrafoak" bezalako esamoldeak erabiltzen zituzten. Fiskaltzaren arabera, hitz horiek "eskudirua" ordezkatzeko erabiltzen zituzten.
Bestalde, ikertzaileek Corvillo etxebizitza baten jabe egiteko aukera izan zuela erakusten duten zantzuak ere topatu dituzte. UCOren arabera, etxebizitza hori ikertzen ari diren ustezko gaizkile taldean parte hartzeagatik jasotako ordaina izan zitekeen. Bada, 245.498 euroko ordainketak dokumentatuta daude jada. Hala ere, oraingoz ezin izan dute egiaztatu salerosketa gauzatzeko kontratuan adostutako diru guztia ordaindu zutenik.
UCOk frogak pixkanaka aztertu ondoren bildu ditu zantzu horiek guztiak. Horren arabera, Corvillok Abalosen inguruko pertsonei dirua helarazten lagundu izana ikertzen ari dira. Hori guztia, gainera, kontratu publikoak eskuratu zituzten eraikuntza-enpresekin lotutako ordainsari ekonomikoak kobratzen ziren testuinguruan jazo zen.