NAFARROA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Aurrera atera da Nafarroako Industria Lege berria, oposizioaren eta enpresaburuen elkarteen babesik gabe

Chiviteren gobernuko kide diren PSN, Geroa bai eta Contigo-Zurekin taldeen botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin egin du aurrera Legeak. Mikel Irujo Industria kontseilariak azpimarratu du lege berriak Nafarroako sare industriala eraldatzea duela helburu, baina pertsonak erdigunean jarrita.

Mikel Irujo, Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilaria.

Nafarroako Parlamentuak oniritzia eman dio gaur, osteguna, Industriaren Foru Lege berriari. Foru Gobernuak bultzatu du lege hori, eta PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdien botoei eta EH Bilduren abstentzioari esker onartu da; oposizioko gainerako taldeek aurka bozkatu dute, eta Nafarroako enpresaburuen elkarte nagusiak ere aurka daude.  

Bere hitzaldian, Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria gogor erantzun die Nafarroako Familia Enpresaren Garapenerako Elkartearen (ADEFAN), Merkataritza Ganberaren eta Nafarroako Enpresa Konfederazioaren (CEN) kritikei, horien argudioak “XX. mendekoak” direla esan du.

Ildo horretan, adierazi du “desadostasun nagusia” dela onartu berri den legeak "pertsonak erdigunean jartzen dituela, alegia, Nafarroako industrian lan egiten duten 92.000 pertsonak”.

Era berean, sailburuak ukatu egin du enpresaburuen ekarpenei jaramonik egin ez izana, eta kritiko mintzatu zaio oposizioari, Nafarroan oraindik "deskarbonizatzeko asko" dagoela esanez, energiaren sektoretik harago.

Nahiz eta hiru erakundeak bat datozen Nafarroan anbizio handiko industria politika bat bultzatzean, diote onartutako testua “motz” geratzen dela eta ez dela Industriari buruzko Foru Lege berri batek aurkeztu beharko lukeen aurrerapen kualitatiboa.

Legearen gakoak

Lege horren bidez, Nafarroako Gobernuak pertsonak erdigunean jarri nahi ditu eta esparru egonkor bat sortu nahi du, izapide administratiboak arintzeko eta trantsizio ekologikoa bultzatzeko. Helburua da kalitatezko enplegua sustatzea, talentua erakartzea eta Nafarroako industria indartuko duten proiektuak erakartzea.

Era berean, testuak ekonomia zirkularraren, ekintzailetzaren eta I+G+Baren aldeko apustua egiten du lankidetza sare publiko-pribatuen bidez. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X