Espainiar Gobernuak txalotu egin du adingabeei egindako sexu abusuak zabaltzeagatik TikTok ikertzeko Fiskaltzak emandako agindua
Maldita.es-ek ikerketa bat argitaratu du, eta horri esker jakin da sexu abusuen material esplizitua duten 1.000 bideotik gora daudela TikToken. 50 bideoko lagin bat aukeratu, eta legez kontrako edukiak direlakoan salatu ditu. Guztira, 8,8 milioi bisita eta 148.000 "gustuko dut" zituzten 50 bideo horiek.
TikTok sare sozialean haurren kontrako sexu abusuekin lotutako edukiak zabaldu omen direla jakin berri da, eta horri erantzunez Estatuko Fiskaltza Nagusiak erabaki du aipatu sare soziala ikertzea. Espainiako Gobernuak txalotu egin du Fiskaltzaren erabakia, "berri paregabea" dela iritzita.
"Albiste bikaina: Fiskaltzak izapideak ireki berri ditu TikToken kontra, haurrei egindako sexu abusuekin lotutako materiala zabaltzeagatik. Aspaldi ohartarazi genuen: sare sozialetako zigorgabetasuna amaitu egin da. Plataforma bakar bat ere ez dago legearen gainetik. Are gutxiago gure seme-alaben eskubideen gainetik", azpimarratu du Sanchezek X-en argitaratutako mezu batean.
Horixe adierazi du espainiar presidenteak Teresa Peramato Martin Estatuko fiskal nagusiak Elvira Tejada de la Fuente Kriminalitate Informatikoaren aurkako Sala Koordinatzaileko fiskala izendatzeko dekretua sinatu ondoren.
Maldita.es-ek Estatuko Fiskaltza Nagusiaren Kriminalitate Informatikoko Unitatean aurkeztutako salaketa idazkian du jatorria ikerketak. Saolaketa horrek jasotzen duenez, Maldita.es-ek jakin badaki TikToken haurrei egindako sexu abusuekin lotutako materiala argitaratu, zabaldu eta saldu dela, bai eta gisa horretako edukiak gomendatu edo iradoki direla ere.
Horren harira, iragan astelehenean, Maldita.es-ek ikerketa bat argitaratu du, eta horri esker jakin da sexu abusuen material esplizitua duten 1.000 bideotik gora daudela TikToken. 50 bideoko lagin bat aukeratu, eta legez kontrako edukiak direlakoan salatu ditu. Guztira, 8,8 milioi bisita eta 148.000 "gustuko dut" zituzten 50 bideo horiek.
Bestalde, haurren aurkako sexu abusuekin zerikusia duen materiala erosteko bezeroak bereganatzen zituzten 780 kontu identifikatu ditu Maldita.es-ek; adingabeen zuzeneko 91 emisio (17 herrialdetan), zeinetan erabiltzaileek sexu ekintzak eskatzen zituzten; eta umetxoen edukiak bilatzen zituzten 2.000 erabiltzaile.