Pradales: "Ezin dugu historia aldatu, baina bai utzi dizkigun lezioetatik ikasi"
Memoriaren Egun honetan, ekitaldi ugari egin dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen.
"Ezin dugu historia aldatu, baina uzten dizkigun lezioetatik ikasi behar dugu". Horixe izan da Imanol Pradales lehendakaria Memoriaren Egunaren harira Donostian egindako ekitaldi nagusian euskal gizarteari zuzendu dion hitzaldiaren mezu nagusia.
Egun osoan zehar antzeko oroimen-ekitaldiak egin dira Euskadiko hainbat lekutan, hala nola Donostian, Bilbon eta Gasteizen, baita Eusko Legebiltzarrean eta hainbat udaletan ere.
Pradalesez gain, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Alberto Alonsok ere parte hartu dute ekitaldian.
Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusi Aintzane Ezenarro eta Donostiako alkate Jon Insausti ere izan dira bertan, besteak beste, EAJko, PSE-EEko, EH Bilduko, PPko eta Elkarrekin Podemoseko hainbat ordezkari eta terrorismoaren hainbat biktimarekin batera, hala nola Maixabel Lasa eta Gorka Landaburu.
Bere hitzaldian, Pradalesek Euskadin gertatutako bi heriotza bortitz gogoratu ditu: Josu Zabala Erasun gaztea, 1976an Hondarribian (Gipuzkoa) Guardia Zibilak tiroz hil zuena Eduardo Moreno Bergaretxe, Pertur, ETAko kidearen bahiketaren harira egindako manifestazioan, eta Dolores Gonzalez Katarain, Yoyes, ETAko buruzagi ohiarena; 1986an hil zuten, Ordizian (Gipuzkoa), gizarteratzeko neurriak hartzeagatik.
"Bi ezbehar. Indarkeriaren eta terrorismoaren izugarrikeriak suntsitutako bi familia. Intrantsigentziak, fanatismoak eta intolerantziak elikatutako indarkeria eta terrorismoa. Ezberdinari pentsatzeko, sentitzeko eta aske bizitzeko eskubidea ukatu zioten", esan du lehendakariak, eta "historiak uzten dizkigun lezioetatik ikasteko” eskatu dio euskal gizarteari.