Eusko Jaurlaritzak elektrifikazioa eta eskualdeen arteko lankidetza defendatu ditu COP31n
Mikel Jauregi sailburuak EAEren estrategia aurkeztu du, deskarbonizazioa eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko neurriak uztartzen dituena.
Eusko Jaurlaritzak berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko elektrifikazioa defendatu du astelehen honetan Antalyan (Turkia), Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzian (COP31), eta munduko beste eskualde batzuekiko lankidetza handitzearen alde egin du.
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak goi-bilera honetako ekitaldietako batean aurkeztu du deskarbonizazioa eta klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko neurriak uztartzen dituen EAEren estrategia.
Euskadiko klima-estrategiak berotegi-efektuko gasen emisioak % 45 murrizteko helburua ezartzen du 2030erako, 2005eko datuekin alderatuta. Horrez gainera, 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzea du xede, baina 2045era aurreratzeko asmoa baztertu gabe.
Horretarako, elektrifikazioa funtsezkoa izango dela eta energia azpiegituretan inbertsio handiak egin beharko direla azaldu du Jauregi sailburuak. Datozen bost urteetan sare elektrikoak zabaltzeko planak ere azaldu ditu.
Hain zuzen ere, elektrifikazioak leku nabarmena du COP31en agendan. Konferentziako presidentziaren helburua da munduko energia-kontsumoan elektrizitateak leku handiagoa hartzea, gaur egungo % 20tik % 35era igotzea 2035erako, deskarbonizazioa bizkortzeko.
Benetako egokitzapen-soluzioak
Sailburuak eskualde- eta toki-administrazioek daukaten papera nabarmendu du, bai emisioen murrizketan, bai berotzearen ondorioetara egokitzean.
Hitzaldiaren amaieran, sailburuak Euskadi Climate Change Adaptation Living Lab proiektuari buruzko argitalpen bat eman dio Gulnara Rolli, Nazio Batuen Ingurumen Programako Trantsizio Ataleko buruari.
Ekimen hori Euskadi 2030 Industria Plana-ren barruan dago, eta ingurune errealetan klima-aldaketara egokitzeko konponbideak garatu eta probatzeko proiektuak biltzen ditu; hala nola, uholde-arriskuen eta itsas mailaren igoeraren ondorioetara egokitzeko.
Horien artean dago Zarauzko kostaldeko frontea egokitzea, olatuek eta uholdeek eragindako kalteak murrizteko. Era berean, beste egokitzapen-neurri batzuk bultzatzen dira, hala nola energia berriztagarriek elikatutako klimatizazio iraunkorreko sistemak.
Eskualdeko lankidetza eta finantzak
Eskualdeen arteko lankidetza da Eusko Jaurlaritzaren beste lehentasunetako bat Antalyan. Euskal ordezkaritzak esperientziak trukatu nahi ditu antzeko erronkei aurre egiten dieten lurraldeekin, besteak beste, Kalifornia, Quebec, Eskozia eta Galesekin.
Jauregi sailburuak defendatu du konponbideak tokian-tokian garatu behar direla, kaltetutako komunitateen parte-hartzearekin, eta lortutako esperientziek eraldaketa zabalagoak bultzatzen lagun dezaketela.
Finantziazioa da euskal agendaren beste gai nagusietako bat, eta, horretarako, bilerak egiten ari dira Rio de Janeiroko (Brasil), Galesko (Erresuma Batua) eta Regions4 nazioarteko sareko ordezkariekin, COP31ren Espainiako pabiloian.
Klima-proiektuak garatzen dituzten eskualde eta udalerriei nazioarteko eta Europako funts gehiago bideratzeko mekanismoak bultzatzea da helburua.
Zure interesekoa izan daiteke
90 urte bete dira Agirre lehendakariak ikurrinari ofizialtasuna eman zionetik
ETAri aurre egin zioten enpresariei omenaldia: "Zuek gabe, ez ginateke gaur gauden lekuan egongo"
Biloben legearen bidez nazionalizatutakoen seme-alabei botoa ematen utziko die Auzitegi Gorenak