Biloben legearen bidez nazionalizatutakoen seme-alabei botoa ematen utziko die Auzitegi Gorenak
189.678 ondorengori botoa emateko eskubidea kentzea baztertu du, baina lege horren bidez nazionalizatutako gurasoei eskubidea eten egin die.
Auzitegi Gorenak erabaki du biloben legearen bidez Espainiako nazionalitatea lortu zutenen seme-alabe botoa emateko eskubidea ez kentzea. Guztira, 189.678 lagunek azaroaren 29ko hauteskundeetan bozkatu ahal izango dute, Iustitia Europa eta Vox alderdiek eskatutako kautelazko neurriak atzera bota baititu.
Hala, bereizketa egin du ondorengoen eta haien gurasoen artean. Izan ere, 2022ko Memoria Demokratikoaren Legearen bidez nazionalizatutako gurasoei botoa emateko eskubidea kendu egin zien Auzitegi Gorenak, kautelaz, erbesteratuen ondorengoak direla egiaztatzen dutenei izan ezik.
162.454 nazionalizaturi botoa emateko eskubidea kendu egin diete
Bestalde, auzitegiak ez ditu berrikusi biloben legearen bidez zuzenean Espainiako herritartasuna lortu zutenen botoa emateko eskubidea eteteko hartutako neurriak. Guztira, 162.454 pertsona dira, eta ezin izango dute hauteskundeetan bozkatu, kautelazko eteteak indarrean jarraitzen duen bitartean.
Auzitegi Gorenak onartu egin du gurasoen kasuan bezala seme-alabak ere hautesle erroldan (CERA) inskribatuta egotea zalantzan jar daitekeela. Hala ere, hauteskundeetarako hain denbora gutxi falta denez, haien botoa orain eteteko zailtasun handiak egongo liratekeela ohartarazi du.
Segurtasun juridikoa bermatzea, hauteskundeak gertu direla
Auzitegiak azaldu du hautesle-errolda berrikusteak hainbat administraziok eta hirugarrek esku hartzea eskatuko lukeela, eta horretarako denbora-tartea oso laburra dela. Gainera, atzerrian bizi diren hautesleek kontsulatuetan botoa emateko epea bi aste barru hasiko dela gogorarazi du.
Horrenbestez, errolda orain aldatzeak segurtasun juridikoari eta hauteskunde-prozesuaren egonkortasunari kalte egin diezaiokeela uste du.
Ebazpenak sei magistratuetako baten kontrako boto partikularra jaso du. Haren ustez, ondorengoei ere botoa emateko eskubidea kendu egin behar zaie, gurasoei ezarritako irizpide bera mantentzeko. Beste magistratu batek erabakia babestu du, baina ez du bat egin argudio guztiekin.
Zure interesekoa izan daiteke
ETAri aurre egin zioten enpresariei omenaldia: "zuek gabe, ez ginateke gaur gauden lekuan egongo"