Zapatero diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituagatik ikertzea baztertu du Calama epaileak, bitxiengatik
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak egindako eskaria atzera bota du Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak, eta gainera Zapateroren eta haren familiaren aurka irekitako ikuskaritzak geldiarazi ditu.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohia Auzitegi Nazionalaren atarian. Artxiboko argazkia: Agentziak
Plus ultra auziari lotuta, Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak baztertu egin du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiari diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua leporatzea, bere bulegoan aurkitutako bitxiengatik. Gobernuburu izandakoaren arabera, bitxiak Saudi Arabiako erregeak oparitu zizkion 2007an.
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak diru publikoa bidegabe erabili izanaren delitua leporatu nahi zion Zapaterori, ustez Abdullah Bin Abdulaziz Al-Saud Saudi Arabiako erregeak oparitu zizkion bitxiak beretzat gordetzeagatik eta Estatuaren ondarearen esku ez uzteagatik. Calama epaileak, ordea, atzera bota du Fiskaltzaren eskaria.
Calamak azaldu duenez, 2013koa da opariak Estatuaren ondarearen esku utzi behar direla agintzen duen Gardentasun legea, eta, hortaz, 2007an Zapaterok ez zuen inolako beharrik presidente zen garaian jasotako opariak Estatuaren esku uzteko.
Bestalde, Calama epaileak Zapateroren eta haren familiaren (emaztea eta bi alabak), Julio Martinez Martinez enpresariaren eta hainbat sozietateren aurka irekitako ikuskaritzak geldiaraztea agindu du.