Gaur hasiko dira Osakidetzako lan eskaintza publikoko bigarren faseko azterketak
Asteburuko probak EHUko Elurreta eraikinean egingo dira, Gasteizko campusean. Lehen asteburu honetan, gaurtik igandera, 7.362 pertsona daude deituta 19 kategoria profesionaletan.
Osakidetzak gaur hasiko ditu 2023-2024-2025 Lan Eskaintza Publikoaren (LPE) bigarren faseko azterketak. Lan eskaintza honek 41 kategoria profesional biltzen ditu eta, guztira, 21.408 hautagaik eman dute izena. Kategoria horietan espezialitate fakultatiboak, erizaintzakoak eta teknikoak sartzen dira, bai eta kudeaketako, informatikako, mantentze-lanetako eta bestelako laguntzako zerbitzuetako profilak ere.
Probak igandera arte egingo dira, EHUko Elurretako eraikinean, Gasteizko campusean. Guztira, 7.362 pertsona daude deituta 19 kategoria profesionaletan.
Gaur proba bakarra egingo da, Farmaziako Laguntzailearena, 17:30ean. Larunbatean eta igandean, gainerako 18 kategorietako azterketak hiru ordutegitan antolatuko dira: 09:30, 13:30 eta 17:30ean.
Hurrengo azterketak
Hurrengo probak azaroaren 21ean eta 22an egingo dira, EHUko Elurreta eraikinean (Gasteiz), eta 27an Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC). Azaroaren 21eko eta 22ko asteburuan 17 lanbide kategoriatan izena emandakoak daude deituta, eta azaroaren 27an, ostirala, gainerako bost kategorietakoak.
Kategoria bakoitzaren ordutegia lan eskaintza publikoaren webgune ofizialean kontsulta daiteke.
Hirugarren fasea
Bestalde, zabalik dago lan eskaintza publikoaren hirugarren fasean izena emateko epea, eta azaroaren 27an, 14:00etan, amaituko da. Fase horretan 42 kategoria gehiago daude: 40 Medikuntzan espezialistak diren fakultatiboenak, Ospitaleko Farmaziarakoak eta Giza Nutrizioan eta Dietetikan diplomatuenak. Azterketak 2027ko otsailetik aurrera egingo dira.