Osakidetzako lan-eskaintzaren bigarren faseko probak azaroko hiru asteburutan egingo dira
Hautaketa-probak azaroaren 6, 7, 8, 21, 22 eta 27an egingo dira, aurrez aurreko sei jardunalditan banatuta. Probak Barakaldoko BECen eta Arabako Campusean egingo dira.
Ekainean egindako azterketen artxiboko irudi bat
Osakidetzak ostegun honetan iragarri ditu LEP historiko honetako bigarren faseko azterketen datak eta ordutegiak. Probak Gasteizen eta Barakaldon egingo dira, azaroaren 6, 7, 8, 21, 22 eta 27an, aurrez aurreko sei jardunalditan zehar. Lan-eskaintza honek 41 kategoria profesional biltzen ditu eta, guztira, 23.000 hautagai baino gehiagok eman dute izena.
Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi dutenez, bigarren fase honetako hautaketa-probak ostiraletan, larunbat eta igandeetan egingo dira, goizeko, eguerdiko eta arratsaldeko txandetan banatuta. Probak Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC) eta Arabako Campuseko (Gasteiz) Elurreta eraikinean.
Guztira, 23.747 hautagaik eman dute izena 41 kategoria hauetako probak egiteko. Kopuru hori ekainean azterketak egin zituzten gainerako bederatzi kategoriei gehitzen zaie; orduko probak, Osakidetzaren esanetan, "antolaketa- eta partaidetza-arrakasta sendoareki" burutu ziren.
LEP honekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak "Osakidetzako plantilla egonkortzeko eta sistema publikoa indartzeko apustu sendoa finkatzen dutela" azaldu dute, Osasun Itunetik eratorritako konpromisoekin bat eginez.
Osasun Sailak koordinatutako akordio horrek "osasun-sistemaren eraldaketa lehentasunezko ardatz gisa" kokatzen du, antolakuntza-berrikuntza sustatzeko eta kudeaketa publikoaren oinarrizko printzipio gisa jasangarritasuna nahiz asistentzia-kalitatea bermatzeko.
Azterketei lotutako informazio guztia Osakidetzako lan eskaintza publikoaren webgunean dago, hautagai guztien eskura.