LAN ESKAINTZA PUBLIKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Abian da Osakidetzako inoizko lan eskaintzarik handiena: 100.000 hautagai 3.700 lanpostutarako

Bederatzi kategoria profesionaletarako azterketak egingo dira BECen: Administrazioko eta kudeaketako goi mailako teknikaria, Fisioterapeuta, Laborategiko teknikari espezialista, Zeladorea, Erizaintzako laguntzailea, Zerbitzuetako langilea, Erizaina, Administrazioko laguntzailea eta Administraria. 

Iragarkia
osakidetza ope
18:00 - 20:00

Abian da Osakidetzako inoizko lan eskaintza publiko handiena. Gaur hasi eta igandera arte, 9 kategoria profesionaletako azterketak egingo dira: Administrazioko eta kudeaketako goi mailako teknikaria, Fisioterapeuta, Laborategiko teknikari espezialista, Zeladorea, Erizaintzako laguntzailea, Zerbitzuetako langilea, Erizaina, Administrazioko laguntzailea eta Administraria. Guztira, 101.693 pertsonak eman dute izena 3.764 lanpostutarako.

Hauek dira Osakidetzako lan eskaintza publikoan hautagai gehien dituzten kategoriak: zeladorea (22.839), administrari laguntzailea (17.945) eta erizaintzako laguntzailea (15.073).

Azterketak hiru txandatan egingo dira: 09:30ean, 13:30ean eta 17:30ean. 

Aurreko deialdiekin alderatuta, badira zenbait berritasun: besteak beste, probaren nota gorde ahalko da, eta test motako azterketa bakarra egingo da. Osakidetzak eskuragarri jarri du hautaketa prozesu bakoitzari dagokion galdera sorta, hautagaiek errazago presta ditzaten probak.

Kategoriak, egunak eta ordutegiak

Ekainak 19

  • Administrazioko eta kudeaketako goi mailako teknikaria: 09:30
  • Fisioterapeuta: 13:30
  • Laborategiko teknikari espezialista: 17:30

Ekainak 20

  • Zeladorea: 09:30
  • Erizaintzako laguntzailea: 13:30
  • Zerbitzuetako langilea: 17:30

Ekainak 21

  • Erizaina: 09:30
  • Administrazioko laguntzailea: 13:30
  • Administraria: 17:30

Gomendioak

Osakidetzak BECera denborarekin joateko gomendatu die hautagaiei, behin ateak itxita ez baitute sartzen utziko. Pabiloiak azterketa bakoitza egin baino 45 minutu lehenago irekiko dira. Nahitaezkoa izango da nortasun agiri ofizial bat aurkeztea eta boligrafo urdina edo beltza eramatea. Garraio publikoa erabiltzeko ere gomendatu dute, aparkatzeko lekuak mugatuak baitira.

Metro Bilbaok zerbitzua indartu du. Era berean, larrialdietako profesionalak, ertzainak eta udaltzainak ere egongo dira, eta Barakaldoko Udalak espazio bereziak prestatuko ditu mugikortasuna errazteko; autobusentzako aparkaleku bat, besteak beste.

Azterketei lotutako informazio guztia Osakidetzako lan eskaintza publikoaren webgunean dago, hautagai guztien eskura.

"Asteburu historikoa"

Alberto Martinez Osasun sailburuak azpimarratu duenez, "parte hartzean errekorra izango da, eta asteburu historikoa da, benetan garrantzitsua baita bai lan-merkatuarentzat bai Euskadiko osasun-sistemarentzat".

Martinezen hitzetan, Euskal Osasun Zerbitzua "urteko hitzordu profesionalik nabarmenena da bertan bilduko diren pertsonen kopuruari dagokionez".

Horren arabera, 700 egokitzapen inguru egin dira probetan baldintza berdinak bermatzeko, entzumen-, ikusmen- edo mugikortasun-zailtasunak dituzten pertsonentzat, eta zeinu-hizkuntzako interpreteak eta bularra ematen ari diren amentzat gune egokituak egongo dira. Ospitaleratutako 70 pertsonak azterketa berme guztiekin egin ahal izango dutela ere adierazi du.

Sailburuak dispositiborako mobilizatutako 900 profesionalen lankidetza nabarmendu du, eta Osakidetza "Euskadiko erakunderik handiena" dela gogorarazi du, egiturazko 34.000 plaza dituelako, urtean 46.000 kontratazio egiten dituelako eta 5.425 plazako lan eskaintza publikoa atera duelako.

"Datuek berez hitz egiten dute: inbertsio gehiago Osakidetza indartsuagoa izateko, plantilla zabalagoa eta indartua izateko", erantsi du sailburuak.

Zure interesekoa izan daiteke

teknikariak protesta gasteiz
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin

Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X