Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gipuzkoako Moeve (Cepsa ohia) konpainiaren gasolindegietako langileek greba ziklo bat abiatu dute ostegunean, 16 gasolindegiri eragingo diena. Langileek hainbat hilabete daramatzate enpresaren barne-araudia negoziatzen, eta "lan-baldintzak duintzeko aurrerapen nahikorik ez izateak" greba zikloa deitzea ekarri du, enpresa batzordeak (LAB-ELA) jakinarazi duenez.
Mobilizazioek Lasarte-Oriako, Villabonako, Zumaiako, Oiartzungo, Etzegarateko eta Aritzetako zerbitzuguneei eragingo diete, baita hiriguneetan dauden beste batzuei ere, hala nola ospitaleetatik Donostiarako jaitsieran, Gaintxurizketako (Irun) autobideko irteeran, Aranaztegi kalean (Andoain) eta Telleria kalean (Bergara) daudenei, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez.
Udako irteera operazioa hastearekin batera, ostiral goizean langileek kontzentrazioa egin dute AP-8ko zerbitzugunean, Oiartzun parean, Bilborako noranzkoan.
Autobidea kudeatzen duten taldeek zaintza indartu dute Trafiko Zuzendaritzarekin koordinatuta, eta arreta berezia jarri dute seinaleztapenean. Era berean, informazio panelen bidez informazioa zabaldu dute, erabiltzaileei gorabeheren berri emateko.