Eusko Jaurlaritzak Enagas konpainiaren % 1 erosi du, 45 bat milioi euroren truke
Erosketa hori Indartuz funtsaren bidez egindako lehen inbertsio zuzena da.
Enagas konpainiaren egoitza. Artxiboko argazkia: Irekia
Eusko Jaurlaritzak Enagas konpainiaren kapital sozialaren % 1 erosi du Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) bidez, Ogasun Sailak asteazken honetan ohar bidez jakinarazi duenez. Eragiketa hori Indartuz sozietatearen bitartez gauzatu da, hau da, Euskadi Eraldatuz 2030 Planaren esparruan bultzatutako finantza tresnaren bidez.
Erosketa hori Indartuz tresnaren bitartez egindako lehen inbertsio zuzena da. Operazioaren inguruko zenbakirik eman ez duten arren, Enagasen burtsako kapitalizazioa gaur egun 4.500 milioi eurokoa dela kontuan izanda, 45 milioi euro inguru ordaindu du Eusko Jaurlaritzak % 1aren truke.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, "inbertsio estrategikoa da energia autonomian eta energia horniduraren segurtasunean funtsezko aktibo batean".
Enagas konpainiaren azpiegitura oinarrizkoa da energia sistemak funtziona dezan eta Euskadiko energia hornidura bermatzeko. Gainera, konpainiak funtsezko zeregina izango du hidrogeno berdearen sare nagusiaren hedapenean eta Europako H2Med korridorean.