TURISMOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zerga turistikoaren ordenantza onartuta, urtean 8 milioi euro biltzea espero du Donostiako Udalak

Jon Insausti alkateak esan duenez, helburu nagusia da hiria bisitatzen dutenek "zerbitzu publikoak, azpiegiturak, hiri-espazioak, segurtasuna eta beste jarduerak finantzatzen laguntzea, bisitarien eta donostiarren bizi-kalitatearen arteko oreka mantentzeko".

hondartza playa concha kontxa donostia beroa calor

Kontxako hondartza, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza berria onartu du gaur Donostiako Udaleko Gobernu Batzarrak. Aurreikuspenen arabera, urtean 8 milioi euro inguru biltzea espero da, eta helburua da diru hori hiriko azpiegiturak mantentzeko eta zerbitzu publikoak eta segurtasuna ordaintzeko erabiltzea. 

Datorren urteko urtarriletik aurrera aplikatuko zaie zerga bisitariei, eta zenbatekoa ostatu motaren araberakoa izango da. Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako Foru Arauak ahalbidetzen duen gehieneko kopuruak onartu dira; hala, landetxeetan 1,25 euro kobratuko dira gaueko eta pertsonako, eta gurutzaontzietan, berriz, 7 euro. Kategoria handieneko hotelek eta erabilera turistikoko etxebizitzek 6,5 euroko tarifa izango dute gaueko.

Jon Insausti Donostiako alkateak goizean egindako prentsaurrekoan eman du ordenantza berriaren nondik norakoen berri. Azpimarratu duenez, "Udalak luzaroan nahi izan du neurri hau" eta hiriari turismo-jardueraren eragina "modu orekatuagoan" kudeatu ahal izateko tresnak emateko premiari erantzuten dio.

18 urtetik beherakoak salbuetsi egiten ditu neurriak, eta ordaintzeko gehieneko muga sei gaukoa izango da; beraz, bidaiariak Donostian geratzen direnean, zazpigarren gauetik aurrera ez dute zergarik izango.

Insaustik nabarmendu du Donostiak bat egiten duela Europako beste hiri eta helmuga batzuekin, "turismo-eredu jasangarriago eta orekatuago baterantz aurrera egiteko”.

Orain, alegazioak aurkezteko eta eztabaidarako epea zabalduko da, eta irailean iritsiko da araudi berria osoko bilkurara.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X