EAEko arrantzaleek antxoa-kuota ia osoa agortu dute eta hegaluzearen kosteraren buru dira
Esleitutako antxoa-kuotaren % 98,4 harrapatu dute dagoeneko. Euskal ontziek harrapatu dituzte Estatuan arrantzatutako hegaluzearen hamar kilotik sei.
Euskal arrantza-flotak 8,49 milioi kilo antxoa harrapatu ditu dagoeneko, aurtengo kanpainarako esleitutako kuotaren % 98,4. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren arabera, datu horiek iaz abian jarritako eta aurten ere mantendu den kofradien arteko kuota-banaketaren sistema berria sendotu egin dute.
Estatu osoan, berriz, antxoa-kuotaren % 81,2 arrantzatu dute dagoeneko.
Antxoaren prezioak egonkor jarraitzen du
Euskal ontziek harrapatutako antxoatik, 3,67 milioi kilo Euskadiko lonjetan lehorreratu dituzte, eta 4,75 milioi kilo Kantabriako eta Asturiasko portuetan, espeziearen migrazio naturalari jarraituz.
Batez beste, 1,94 euroan dago kiloa, 2025ekoaren parekoa eta aurreko kanpainetako batezbestekoa baino garestiagoa.
Euskadi buru hegaluzearen kanpainan
Maiatzaren amaieran hasi zen iparraldeko hegaluzearen kanpaina ere sasoiz dabil. Euskal arrantza-flotak 5,6 milioi kilo harrapatu ditu dagoeneko; hau da, Estatuan orain arte arrantzatutako hegaluzearen % 61,2.
Batez beste, 3,90 euroan dago kiloa, eta Eusko Jaurlaritzak abuztuaren amaieran egingo du kanpainaren hurrengo balantzea.