ELAk mobilizazioak iragarri ditu udazkenerako, Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzak negoziatzeko
Donostiako Amara Berriko anbulatorioaren aurrean egin duten elkarretaratzean, Osakidetzaren egiturazko arazoei heltzeko Osasun Sailak duen borondate eza salatu du ELAk, eta Eusko Jaurlaritzak lan-baldintzak hobetzeko neurriak gatazka aktibo bat martxan dagoenean soilik hartzen dituela kritikatu du.
Sindikatuak berriz ere gaitzetsi du SMErekin sinatutako akordioa; izan ere, medikuen kolektiboaren arazoei irtenbiderik ematen ez dien bitartean, aparteko orduak sustatzen ditu eta gainerako lanbide-kategoriak bazterrean uzten ditu. ELAren hitzetan, soldatak hobetzeko ez da lan-zama handitu behar, eta 4 urtean 2.000 fakultatibo gehiago kontratatzeko eskatu du, guardiak eta autokontzertazioa pixkanaka desagerrarazteko.
Hori dela eta, ELAk grebak eta mobilizazioak sustatuko dituela iragarri du udazkenerako. Sindikatuaren arabera, “behar adinako intentsitatea eta iraupena” izango duen greba bat bultzatzeko lanean ari da, eta kolektibo guztientzako lan-baldintzak arautuko dituen akordio berri bat negoziatzeko prestatzen hasi da.