Osakidetzak eta SMEk akordioa berretsi dute, eta gainontzeko sindikatuek negoziazio-mahaia utzi dute
Osasun Sailak aurkeztutako dokumentuaren edukiaz gain, sindikatuek salatu dute akordioa aldebikoa izan dela, Osasun Sailaren eta SMEren artean, eta negoziazio kolektibotik kanpo egin dela.
Euskadiko Medikuen Sindikatua (SME) bakarrik geratu da Osasun Sailarekin Osakidetzako Mahai Sektorialean, gainerako altxatu egin baitira mahaitik, astelehen honetan. Irmo salatu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak foro honetara eraman duen medikuen kolektiborako akordio proposamena bera, bai eta horren negoziazio estrategia ere.
Osakidetzak akordio proposamen bat aurkeztu du gaur Osasun Arloko Mahai Sektorialean; besteak beste, guardia-eredu berria, atsedenaldien "hobekuntzak" eta hilean 300 eurorainoko soldata igoera proposatzen ditu testuak.
Euskadiko Medikuen Sindikatuak (SME) Administrazioarekin egindako aldebiko bileretan landutako dokumentua da, eta medikuen lan-baldintzak "hobetzea" du helburu.
Sindikatuetako iturriek baieztatu dutenez, SME ez beste sindikatu guztiek mahaitik altxatzea erabaki dute, Alberto Martinezek zuzendutako sailaren negoziazio estrategiaren aurka agertzeko.
Testuaren edukiarekin berarekin ados ez egoteaz gain (sindikatuen arabera, ez die beren eskaerei erantzuten eta ez ditu sektorean dauden arazoak konpontzen), negoziatzeko modua salatu dute, aldebiko bileretan eta "negoziazio kolektibotik kanpo" egin omen baita.
Lore Bilbao: "Harritu egiten gaitu sindikatuak hobekuntzekin ados ez egoteak"
Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak azaldu duenez, "harrigarria" egin zaie sindikatuek mahaia utzi izana. Izan ere, ordezka ditzaketen medikuentzat ere jasotzen dira hobekuntzak akordioan, eta bide bat irekitzen da beste kolektibo batzuen baldintzetan aurrera egiteko bere iritziz, Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzeko akordio berri baten negoziazioa ere abian baitago. Sindikatuak mahaira itzultzea espero du, negoziazioen egutegiarekin jarraitu ahal izateko.
SATSEk lan-baldintzen hierarkizazioa salatu du
SATSE Erizainen Sindikatuak salatu du proposamena negoziazio legitimotik kanpo prestatu izana, eta azpimarratu du Osasun Sailak ez dituela kontuan hartu "gainerako langileen beharrak".
Sindikatuak Martinezi aurpegiratu dionez, "Estatutu Markoaren gatazkan ados jartzeaz hitz egiten da, eta, negoziatu, ordea, Osakidetzako langileen % 10,48 eta kolektibo medikuen heren bat soilik ordezkatzen duen sindikatuarekin bakarrik negoziatzen ari da".
Deitoratu duenez, duela urtebetetik eskatu arren, Osakidetzak ez die erantzun kolektibo profesional guztientzat "funtsezkoak" diren eskaere; bai, ordea, medikuen eskaerei, "medikuen grebak eragindako presioen eta osasun-sistemaren bahiketaren ondorioz, orain amore eman du eta akordio bat proposatu du, ia osorik, medikuei soilik zuzendutako neurri ekonomikoetan oinarrituta".
Argi utzi du ez duela "kolektibo bakar baten pribilegiorik onartuko, ezta lan baldintzak hierarkizatzea ere", eta Mahai Sektorialean negoziatzeko prest agertu da, "gehiengoak eta negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubidea errespetatuz".
ELA: "Neurriak guardiak murriztuko ditu, baina aparteko orduak, handitu"
ELA sindikatuak salatu du Osakidetzaren eta SMEen artean lortutako akordioak ez diela Osakidetzako egiturazko arazoei erantzuten eta aparteko orduak egitera bultzatzen dituela medikuak.
Zentralaren arabera, "akordioak, besteak beste, guardiak egiten dituzten medikuei atseden gehiago ematea aureikusten du", baina, "plantilla handitu ezean, atseden horiek aparteko orduen bidez estali" beharko direla ohartarazi du.
ELAren esanetan, "lan karga ez da murriztuko, lan bera garestiago ordainduko da". Gainera, gogorarazi du guardiarik egiten ez duten profesionalak akordiotik kanpo uzten dituela, hala nola Lehen Mailako Arretako medikauk
Sindikatuak salatu duenez, Osasun Sailaren eta SMEren estrategia izan da "soldatak igotzea, disponibilitate handiagoaren truke. ELAren arabera, "akordioaren helburua da medikuen lan baldintza prekarioak bere horretan mantentzea, diruaren truke".
Hori dela eta, ELAk berriro eskatu die gainerako sindikatuei udazkenean greba mugagabea deitzeko, "Osakidetzako lan baldintzak eta kategoria profesional guztien egoera hobetuko dituen haitzarmen berria negoziatzeko".
"Gatazkaren itxiera faltsuaren" ondorioez ohartarazi du LABek
LABek "isilpeko negoziaziotzat" jo duena salatu du, eta beste "mobilizazio dinamika" bat iragarri du, lan baldintzak hobetzeko eta osasun zerbitzu publikoa indartzeko.
"Mahai Sektoriala negoziazio kolektiboaren eremu gisa deslegitimatzea" egotzi dio Osasun sailari, "gatazkari itxiera faltsu bat" eman baitio, eta horrek "ondorio larriak" izango dituela uste du, osasun publikoaren arazoak "egiturazkoak" direlako eta "akordio honek ezkutatu" egiten dituelako.
LABek esan du diagnostikoaren eta medikuen errebindikazioen "zati handi" batekin bat duela esan du, baina adierazi du erantzuna ezin dela kategoria profesional bakar batera mugatu.
Beraz, benetako erronka Osakidetzako langile guztien lan-baldintzak hobetzea eta herritarrei ematen zaien arreta indartzea dela defendatu du.
CCOOk eta UGTk kategoria sanitario guztien eskubideen alde egin dute
Osasun Sailak egindako proposamena medikuen kolektiboari soilik zuzenduta dagoela salatu du CC.OO. sindikatuak. "Gu kolektibo horren eta Osakidetzako gainerako kategorien ordezkariak gara, eta langile guztientzako gutxiespena da hau", ziurtatu du Carmen Rayo ordezkariak.
UGTtik, Jasone Perezek kategoria profesional guztien benetako garrantzia azpimarratu du, eta, esan duenez, estatutu propioa esklusibotasunez bilatzea "ulertezina eta onartezina" da, "lehen eta bigarren mailako profesionalen artean klase sozialak sortzea" dakarrelako.
SMEk "lehen pausotzat" jo du akordioa
Osakidetzak eta SMEk akordioa sinatu duten bileraren ondoren, SMEk ohar bat kaleratu du, esanez "Osakidetzako langile guzti-guztiak garrantzitsuak" direla "osasun sistema publikoa mantentzeko", baina, bere ustez, "ardatza medikuen kolektiboa" dela.
Azpimarratu dutenez, euren prestakuntza zabalaz eta "erantzukizun bereziaz" gain, "urteko lanaldian ezarritakoak baino askoz ordu gehiago lan egin behar duten profesional bakarrak" dira, "pazienteen etengabeko arreta bermatzeko, profesional falta ordezkatzeko eta itxaron zerrendak murrizteko".
Lan-baldintzetan "berehalako hobekuntza" dakarrelako sinatu dutela akordioa defendatu dute, eta akordioak "kolektiboarentzako hobekuntzetan aurrera egiten jarraitzeko aukera" irekitzen duela adierazi dute. "Akordio hau lehen urratsa da", amaitu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Volkswagenek 50.000 lanpostu gehiago murriztuko ditu, erdiak Alemanian eta gainerakoak Europan
Volkswagen taldeak krisia bizi du, Txinako fabrikatzaileek Europan lehia gogortu, Txinan salmentak jaitsi eta AEBko muga-zergen ondorioz.
Lehorteak kaltetutako nekazarientzako laguntzak iragarri ditu Frantziak
Nekazarien ordezkariak datorren astean bilduko dira Frantziako Nekazaritza Ministerioarekin, euren eskaerak helarazteko. Lehortearen eta beroaren eragina arlo ekonomikoan nabaritzen ari da, baina baita fisikoan eta mentalean ere.
Ardogile bat hil da Lantziegoko upategi batean izandako istripuan
Ezbeharra 12:20 aldera jazo da, eta gertatutakoaren nondik norakoak ikertzen ari dira. Larrialdi-zerbitzuak bertaratu dira, baina ezin izan dute beharginaren bizia salbatu.
Zaballako sei funtzionariok kea arnasteagatik izandako lesioak "prebentzio gabezi larrien" ondorio izan ziren
ELAk jakinarazi duenez, Lan Ikuskaritzaren txosten batek "kausa-ondorio erlazio argia ezartzen du Administrazioaren omisioen eta lan-istripuaren artean".
Zerga-erreforma berriak langileen artean desberdintasunak ekarriko dituela salatu du ELAk
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak kritika gogorra egin dio EAJk eta PSEk aste honetan iragarritako zerga-erreformarako akordioari, enpresen mesedetarako egin dela esanez.
Sanchezek AAren inguruko “itun nazional handia” sustatuko du eragile sozial eta politikoekin
Hitzarmenak trantsizioari aurre egiteko beharrezko elementuak ezarri nahi ditu, besteak beste, lan-merkatuan, erregulazio teknologikoan, inbertsioetan eta finantzaketan.
Tubos Reunidos erosteko eskaintzak aurkezteko epea luzatu du konkurtso-administratzaileak
Enpresa erosteko interesa omen dute hainbat eroslek. Hortaz, irailaren 30era arte luzatu du enpresaren informazioa eskuratzeko epea, eta urriaren 7ra arte eskaintzak aurkeztekoa.
Medikuen sindikatuek greba mugagabea egitea erabaki dute
Oraindik ez da zehaztu noiz eta nola egingo duten protesta. Dirudienez, iraila baztertu dute greba egiteko. Euskadiko Sendagileen Sindikatuak mobilizazio-deialdiarekin bat egingo du, orain arte bezala.
Langabezia % 2,36 igo da Nafarroan eta % 1,19 Euskadin abuztuan
Langabezia-tasa % 1,19 igo da Araban (210 pertsona gehiago), % 1,13 Bizkaian (677 pertsona gehiago) eta % 1,32 Gipuzkoan (371 pertsona gehiago). Nafarroan, % 2,36 igo da (681 langabe gehiago).
Abeltzaintzaren sektorea "haserre" eta "desengainatuta" irten da Bazkaren Mahaiaren bileratik
Espero zuten bezala, Eusko Jaurlaritzak bazka modu bateratuan erosteari uko egin dio, eta bertan erosteko "nahikoa bazka" badagoela adierazi du. Lehorte egoera ofiziala ezartzeko baldintzak ez direla betetzen azaldu diete. Ondorioz, ENBA eta ENHE sindikatuen arabera, baserritarrak "abandonatuta" utzi dituzte.