702.000 aitorpen eginda eta 664 milioi itzulita, Bizkaiak errenta kanpaina itxi du
Bizkaiko datuak bilduta, amaitu dira EAEko aurtengo kanpainak. Azken zerga-erreforman jasotako neurri eta kenkari berriak aurrenekoz aplikatu dira, eta horiek zergadunei mesede egin dietela nabarmendu dute hiru aldundiek.
2025eko Bizkaiko Errentaren Kanpainan aitorpen kopuruaren marka hautsi da: 702.048 PFEZ aitorpen aurkeztu dira, aurreko ekitaldian baino 26.230 gehiago. Guztira, 644 milioi euro itzuli zaizkie lurraldeko zergadunei (598 izan ziren 2024ko kanpainan).
Bestalde, Ondarearen gaineko Zergari dagozkion 9.767 aitorpen egin dira, 2024ko kanpainan baino mila gehiago, eta 142,1 milioiko diru-sarrera izan du, aurreko urtean baino 30 milioi gehiago.
Apirilaren 15etik ekainaren 30era bitartean egin da aurtengo kanpaina, eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak ostegun honetan balantzearen aurkezpenean esan duenez, 26.230 errenta-aitorpen gehiago egin izanak agerian uzten du "enpleguaren bilakaera ona eta dinamismoa erakusten jarraitzen duen ekonomia" dela Bizkaikoa.
Guztira, 481.978 aitorpen itzultzekoak izan dira (1.337 euro, batez beste), eta 193.132, berriz, ordaintzekoak, 2.996 euroko batezbestekoarekin; hau da, 578,6 milioi sartu dira lurraldeko diru-kutxetan.
Gipuzkoako Ogasunak 420,9 milioi itzuli ditu
Uztailaren hasieran amaitu da errenta kanpaina Gipuzkoan. Aurten, Ogasunak 420,9 milioi euro itzuli eta 395 milioi euro bildu ditu. Hortaz, saldoa zergadunen aldekoa izan da (25,9 milioi euro). Hala ere, iazko kanpainan 33,6 milioi euro handiagoa izan zen zenbateko hori.
Guztira, 434.090 errenta aitorpen tramitatu ditu Ogasunak, aurreikusi baino 12.090 gehiago, eta iaz baino 10.090 gehiago.
Errenta aitorpen horietatik % 70,9 itzultzekoak izan dira (1.385 euro, batez beste); ordaintzekoak, aldiz, gainerakoak (3.034 euro, batez beste).
Arabako Ogasunak 193 milioi itzuli ditu
2025eko errenta-kanpainan, Arabako Ogasunak 193 milioi euro —aurrekoan baino % 6 gehiago— itzuli dizkie zergadunei. Batez beste, dirua itzuli den aitorpenetan 1.356 euro jaso ditu zergadun bakoitzak.
2025eko kanpainan 204.752 aitorpen aurkeztu dira. Horietatik 142.555 itzultzekoak, 193,3 milioi euroko zenbatekoarekin. Foru-kutxetan sartu beharreko aitorpenak, berriz, 54.169 izan dira: 138,5 milioi euroko ekarpena egin dute guztira, 2.557 euroko batez besteko sarrerarekin. Hortaz, Arabako Ogasunak jaso duena baino 54,7 milioi euro gehiago itzuli du.
Neurri berriak
Hiru aldundiek nabarmendu dute azken zerga-erreforman jasotako neurri eta kenkari berriek eragin positiboa izan dutela zergadunengan. Erreforma hori kanpaina honetan aplikatu da lehen aldiz.
Onartutako neurriek eragina dute, batez ere, etxebizitzari, kontziliazioari, familiari eta zaintzari lotutako arloetan. Horien artean, 36 urtetik beherako gazteei zuzendutakoak nabarmentzen dira, horiek izan baitira etxebizitza alokatzeko eta erosteko kenkarien onuradun nagusiak.