50 urte Pertur desagertu zela: itzalak eta hipotesiak ETA pm-ko buruzagiaren desagerpenari buruz
Mende erdiren pasata, Perturren desagerpena misterioz inguratuta dago oraindik. Giza Eskubideen Behatokiak gerra zikinaren hipotesiaren zilegitasuna indartu du; Gaizka Fernandez historialariaren ustez, berriz, teoria horrek "gezurrezko" jatorri du.
Ostegunean, uztailaren 23an, 50 urte beteko dira Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETA politiko-militarreko (pm) buruzagia desagertu zenetik. Bost hamarkada pasa eta gero, haren desagerpenak argitu gabeko hainbat auzi ditu oraindik.
Urteurrenarekin bat eginez, Moreno Bergaretxeren familiak "zerbait dakitenen kontzientziari eta ausardiari" dei egin die, hitz egin dezaten. "Dakitena esan ezean, ez dugu egia jakingo", adierazi du familiak ohar batean.
"50 urte bete dira 1976ko uztailaren 23tik, gure anaia Eduardo, Pertur, desagertu zenetik. 50 urte ibili gara huts egindako ikerketen, etsipenen eta minaren artean", gogorarazi dute senideek. Era berean, eskerrak eman dituzte "haren oroimena bizirik mantentzeko eta erantzunen bila jarraitzeko ekimenengatik".
Desagerpena
Pertur bizirik ikusi zuten azken aldia 1976ko uztailaren 23a izan zen, Ipar Euskal Herrian, Donibane Lohizunen. 09:40an auto batean zihoan Francisco Mujika Garmendia Pakitorekin eta Miguel Angel Apalategi Aierbe Apalarekin batera; biak ETAren Bereziak komandoko kideak ziren.
Poliziaren ikerketaren arabera, goiz hartan hitzordua zuen Donibane Lohizuneko Cafe Consolationen, baina ez zen agertu.
Auzitegi Nazionalaren auto batean jasotako Pakitoren testigantzaren arabera, Apalak eta berak "kasualitatez" egin zuten topo Perturrekin. Hark Frantziako Behobiara, Hendaia ingurura, autoz eramateko eskatu omen zien.
Frantziako agintariek hartu zuten ikerketaren ardura, baina egin zituzten ikerketek ez zuten emaitzarik eman.
Auzitegi Nazionalak auzia berriz ireki zuen, baina 2012an behin betiko artxibatu zuen, gertakari horiengatik inor auzipetzeko "nahikoa zantzurik" ez zegoela iritzita.
Gerra zikinaren hipotesia
50. urteurrenarekin batera, berriro indarra hartu dute Perturren desagerpenari buruzko hipotesi nagusiek. Alde batetik, Giza Eskubideen Behatokiaren ikerketa berri baten arabera, 1976ko uztailaren 23an gertatutakoa ondoen azaltzen duen hipotesia Estatuko aparatu polizial edo parapolizialek egindako operazioarena da, biktimaren ingurune politikoko pertsona batzuen laguntzarekin.
40 orrialdeko txostenean, Giza Eskubideen Behatokiak hamarkadetan pilatutako dokumentazioa berrikusi eta hainbat gertakari berrinterpretatu ditu.
Txostenak zalantzan jartzen ditu urte luzez ontzat emandako hainbat interpretazio; besteak beste, ETAren etorkizunari buruz Perturrek zituen desadostasun politikoek barne hilketa bat eragin zutela zioen tesia.
Egileen arabera, Perturrek idatzitako Otsagabia ponentziak ez zuen borroka armatua uztea proposatzen; erakundearen egitura politiko-militarra berrantolatzea baizik. Horrenbestez, uste dute argudio hori gerora erabili zela haien iritziz oinarri nahikorik ez duen hipotesi bat indartzeko.
Txostenak, halaber, "italiar lerroa" deiturikoa berreskuratu du. Ikerketa hori Italiako Justiziak aztertu zuen 1980ko hamarkadan, eta geroago dokumental batean ere jorratu zuten.
Lerro horren arabera, Italiako talde neofaxista batek ETAko militanteen aurkako operazio klandestinoetan parte hartu zuen Frantziako hegoaldean, Espainiako segurtasun zerbitzuetako sektore batzuen aginduz edo babesarekin.
Barruko mendekuaren hipotesia
Hipotesi horren aurrean, Terrorismoaren Biktimen Memorial Zentroko historialari eta ikertzaile Gaizka Fernandezek uste du ETAk segurtasun indarren ustezko esku-hartzearen inguruan eraikitako kontakizunak "gezurrezko" jatorria duela.
"Segurtasun indarrei errua egotzi bazieten, aukera aprobetxatu eta etekin politikoa ateratzeko baino ez zen izan", adierazi du Fernandezek artikulu batean.
Agenteen inplikazioaren teoriaren aurrean, Fernandezek dio segurtasun indarrek bazekitela Pertur ETAren barruan aro politikoa abiatzearen aldeko korronteko kidea zela, eta ekintza militarra albo batera uztearen aldekoa. "Hura neutralizatzea kaltegarria zen euren interesetarako", dio Fernandezek.
Terrorismoaren Biktimen Memorial Zentroko historialariak, gainera, El Salvadorko gerra zibilean parte hartu eta Nikaraguan Apalarekin bat egin zuen ETA pm-ko kide ohi baten lekukotasuna jaso du.
Azken horrek honakoa aitortu omen zion: "Pertur itsasoaren hondoan dago, eta inork ez du inoiz aurkituko". Fernandezen artikuluan jasotzen denez, lekukoak "Lourdes Auzmendiri (garai hartan Perturren bikotekidea) eta Iñaki Martinezi (Euskadiko Ezkerreko kidea) ere kontatu zien".
Fernandezek bederatzi zantzu aipatu ditu bere artikuluan, eta horiek guztiek Bereziek hil zutela pentsatzera eramaten dutela dio.
Familiaren itxaropena
Desagerpenetik 50 urtera, Perturren senide eta lagunek zer gertatu zen eta haren non dagoen jakin nahi dute. Larunbat honetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Irunen, "haren oroimena bizirik mantentzeko" eta egia argitu dadila eskatzeko, familiak ohar batean azaldu duenez.