Puigdemont, Comin eta Puigek Espainia salatu dute Europako Batzordearen aurrean, amnistia legea ez aplikatzeagatik
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako amnistia legeari oniritzia eman ondoren, Kontu Auzitegiak akusazioei eta defentsei galdetu die aukerarik ote dagoen Kataluniako independentzia-prozesuagatik zigortutako 30 bat goi karguduni amnistia ez aplikatzeko.
Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak eta Toni Comin eta Lluis Puig kontseilari ohiek Espainiaren aurkako salaketa jarri dute Europako Batzordean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako amnistia legeari oniritzia eman ondoren Kontuen Auzitegiak amnistia aplikatzeari uko egin diolako.
Pasa den astelehenean Kontuen Auzitegiak igorritako probidentzia batean, akusazioei eta defentsei galdetu die ea posible den Kataluniako Gobernuko 30 goi kargudun izandakoei amnistia ez aplikatzea Europar Batasuneko funtsak erabili zituztela argudiatuta. Horri erantzunez, Gonzale Boye abokatuak idatzi bat bidali dio astearte honetan Europako Batzordearen idazkari nagusiari, Puigdemont, Comin eta Puigen izenean.
Salaketa horretan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 258. artikuluan aurreikusitako arau hauste prozedura abiatzea eskatu dute, EBko Justizia Auzitegiak amnistiari oniritzia eman arren Kontuen Auzitegiak epaia aplikatu ez duelako.
Kontuen Auzitegiak, salaketaren arabera, EBko Tratatuaren 4. artikulua (estatuek leial jokatu behar dutela zehazten du), 19. artikulua, eta EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 47. artikulua urratu ditu.
Defentsaren abokatuaren arabera, Kontuen Auzitegiaren erabakiaren ondorioz bertan behera gelditu da amnistia aplikatzeko bi hilabeteko epea, eta bien bitartean hirurei ezarritako 9,5 milioi euro baino gehiagoko kautelazko neurriak mantenduko dira.
Hori dela eta, "premiaz" Espainiari dei egin diezaiola eskatu dio Europako Batzordeari.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik