Sendagaien hornikuntza falta saihestea helburu duen lege berria onartu du Ministroen Kontseiluak
Oporren ondoren, Diputatuen Kongresuko izapideak hasiko ditu arau berriak, indarrean jarri ahal izateko. Hornidurarik eza saihesteaz gain, legeak aurrezpena handitu nahi dio pazienteari, prezio-sistema berri baten bidez.
Ministroen Kontseiluak Sendagaien eta Produktu Farmazeutikoen Legearen aurreproiektua onartu du astearte honetan. Arau berriak berrikuntza ugari ekarriko ditu gaur egun indarrean dagoenarekin alderatuta. Besteak beste, hornidurarik eza saihesteko neurriak ezartzen ditu eta pazienteari aurreztea ahalbidetuko dion prezio-sistema berri bat.
Kongresuan izapidetzen hasiko da orain proiektua eta, Gorteetan onartu eta indarrean sartzen baldin bada, 2015etik indarrean dagoen arau-esparrua ordezkatuko du.
Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Monica Garcia Osasun ministroak adierazi du legeak "eguneroko egoerei erantzuten" diela, hala nola pazienteek zenbat itxaron behar duten duten sendagai berriak eskuratzeko eta nola erantzun sendagaien hornidurarik ezaren aurrean.
Horniduraren bermea
Berrikuntza nagusietako bat sendagaien hornidura bermatzea da. Horretarako, lege berriak "sendagai estrategikoa" kontzeptua sartu du: ezinbestekotzat jotzen den farmakoa, baina hornidura erabat bermatua ez duena.
Merkatuan izango dela ziurtatzeko, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziari ahalmena emango dio legeak neurri ekonomiko eta arautzaileak hartu ahal izateko.
Prezioen sistema berria
Aurrezpena bermatzeko helburuarekin, bi prezio-sistema osagarri ezarriko dira eta sendagai bat ezin izango da bi sistemetan aldi berean egon.
Alde batetik, erreferentziazko prezioen eredu bat egongo da. Orain arte bezala, hori izango da sendagai baliokideen multzo homogeneoen (printzipio aktibo bera eta hartzeko bide bera dutenak) gehienezko mugak ezartzeko erabiliko den esparru orokorra. Prezio horiek urtero berrikusten dira, sistemaren egiturazko aurrezpena sendotzeko.
Bestetik, paterik gabeko sendagaiei (generikoak, hibridoak eta bioantzekoak) prezio dinamikoen sistema bat ezarriko zaie. Prezioa pixkanaka eta automatikoki doitu ahal izango da, banaketa-bolumena handitu ahala.
Gainera, printzipio aktibo bera duten sendagaien artean, bat baino gehiago egon daitezke, eta prezio desberdinetan, eta, hala, pazienteak prezio altuagoko marka bat aukeratu ahal izango du, taldeko preziorik txikienekoarekin alderatuta duen koska ordainduta.
Sendagai berriak
Lege berriak aukera ematen du sendagai berri jakin batzuk osasun sistema publikoan lehenago sartzeko, baldin eta konponduta ez dagoen behar mediko bat betetzen badute edo premiazko behar kliniko bat badago.
Behin-behineko aldian, pazienteekin erabiliko da eta emaitzak monitorizatu egingo dira. Haren onura egiaztatzen bada, finantzaketa finkatu egingo da. Baina emaitzak ez badira aurreikusitakoak, laborategiak ordaindu egin beharko du.
Preskripzio-eskumen berriak
Araua onartzen denean, orain arte sendagaiak hartzea agindu ezin dezaketen profesional batzuek (erizainek eta fisioterapiako profesionalek) ere preskripzio-gaitasuna izango dute beren eskumen-eremuaren barruan; mediku, odontologo eta podologoek daukaten bezala.
Neurri horren eraginkortasuna bermatzeko, urtebeteko epean erregelamendu-esparrua eguneratuko da. Profesionalen arteko koordinazio operatiboa errazteko diseinatutako diziplinarteko protokoloak egin eta argitaratu beharko dira.
Sendagaiak zentzuz erabiltzea
Lehen aldiz, lege-proiektuak esparru integral batean sartzen du sendagaien eta osasun-produktuen erabilera arrazionala, eta farmazia-politikaren printzipio gidaritzat hartzen du.
Arauaren helburua da paziente bakoitzak bere behar klinikoetara ondoen egokitzen den tratamendua jasotzen duela bermatzea, dosi egokian, behar den denboran eta pazienteari zein gizarteri ahalik eta kostu txikiena dakarkiela.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik