Julio Martinez enpresariak Rodriguez Zapatero inplikatu du Plus Ultrari emandako maileguan
Auzitegi Nazionaleko epaileari zuzendutako idazki batean, presidente ohiak airelinearen erreskatean "jarraitu beharreko pausoak markatu" zituela esan du ikertuak, eta bitartekari izateagatik % 1eko komisioa jaso zuela onartu du.
Julio Martinez Martinez enpresaburuak, Jose Luis Rodriguez Zapateroren lagunak eta Plus Ultra auzian ikertutako nagusietako batek, idazki bat aurkeztu dio epaileari. Horretan, Plus Ultra airelineak 2021ean lortutako mailegu publikoan Espainiako presidente ohiak izandako papera eta % 1eko eskupekoaren berri eman du.
Auzitegi Nazionalean deklaratu baino egun bat lehenago, Martinezek adierazi du Zapatero 53 milioi euroko mailegua lortzearen inguruan "ematen ari ziren pauso guztien" jakitun zegoela “une oro” eta berak jakinarazi ziola 10 egun lehenago onartuko zela.
Enpresaburu horren arabera, Zapatero zen "buru" Analisis Relevante aholkularitza-enpresan (Martinezek administratzen zuen eta kasuan giltzarria da), akziodunen zerrendan agertu ez arren, eta "Gobernuko presidente ohia izateagatik eta dituen harreman pertsonal eta profesionalengatik" lau enpresa erakarri zituen, horien artean, Plus Ultra.
Asmoa zen Zapaterok estrategiari eta nazioarteko harremanei buruzko txostenak egitea. Txosten horiek Sergio Sanchezek "amaituko" lituzke, eta Whathefav presidente ohiaren alaben enpresak maketatu. Enpresa horrekin, hilean 3.000 euroko "iguala" ezarri zuten, eta 2025era arte "ordaindu zuten".
Zapaterok egin zuen kontaktua Plus Ultrarekin
Martinezek azaldu duenez, Plus Ultraren zuzendarien dei bat jasoko zuela aurreratu zion presidente ohiak 2020ko maiatzean, eta airelinearen finantzazio beharraren berri eman zion.
Finantzazio bilaketa horretan, enpresariaren arabera, Zapaterok Juan Manuel Cendoya Banco Santanderren presidenteordearekin eta Caixarekin harremanetan jartzea "iradoki" zien, baina "bide horiek" ez zuten emaitzarik izan.
Plus Ultra Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatearen (SEPI) laguntza lortzeko aukeraren berri izan zutenean, gestioak bide horretan "bideratu" ziren, eta 2020ko uztailaren 30ean airelineak Analisis Relevante enpresari hilero 5.000 euro ordaintzea erabaki zuen.
Martinezen arabera, kontratua idatzi ala ez, "kobratu beharreko ordainsariak Rodriguez Zapatero jaunak maiatzetik ematen zuen aholkularitzaren truke ziren".
Gainera, 2021eko urtarrilean, airelineak kontratu bat sinatu zuen Idella enpresarekin (Martinezek ordezkatuta), eta, horren bidez, laguntza horren "% 1 ordaintzeko konpromisoa" hartu zuen, mailegu hori lortuz gero.
Epailearen arabera, ez dago % 1 hori (530.000 euro inguru) Espainian ordaindu ote zen jakiterik, eta horrek "indartu" egiten du Dubaiko sozietate baten bidez "bideratu" izanaren "hipotesia".
Eragiketaren "arrakasta"
Martinezek bere idazkian adierazi duenez, Plus Ultrarekin egindako lehen operazioa "arrakastatsua" izan zen, eta Analisis Relevanterekiko harreman profesionalak jarraitu egin zuen “Venezuelan konpondu beharreko gaiei lotuta, enpresaren zailtasun tekniko eta logistikoengatik”.
Era berean, enpresariaren arabera, Analisis Relevantek "ereduzko" beste kontratu batzuk sinatu zituen Softgestor, Inteligencia Prospectiva eta Aldesa enpresekin, Zapateroren aholkularitza jasotzeko Venezuelarekin lotutako gaietan, besteak beste.
Poliziak 286.000 euro konfiskatu zizkion Martinezi bere etxean, eta haren esanetan, higiezinetako aktiboen salmentatik eratorritako dirua da eta ez du zerikusirik auziarekin.
Bestalde, Plus Ultraren legezko ordezkaritzak idazki bat bidali du epaitegira, eta bertan adierazi du "ahalik eta lankidetza handiena" emateko asmoa duela.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik