EAJk eta EH Bilduk nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dituzte Bergaran
Bi alderdietako 200 udal-ordezkari elkartu dira Gipuzkoako udalerrian bi efemeride berezi gogoratzeko: Alkateen Mugimenduaren sorreraren 50. urteurrena eta Foruen indargabetzearen 150. urteurrena.
EAJko eta EH Bilduko 200 alkate eta zinegotzi bildu dira gaur, igandea, Bergaran, bi efemeride berezi oroitzeko: Euskal Foruen indargabetzearen 150 urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren sorreraren 50. urteurrena.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta 500 gonbidatu inguru alboan izan dituztela, euskal nazioaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dituzte. Ekitaldia 12:00etan hasi da, prozesio batekin, 1976an egin zuten bezala.
Bere hitzaldian, foruak "egungo erakundeen eta autogobernuaren oinarria" direla azpimarratu du Mendozak, eta eskubide historikoak gaur egungo errealitatera egokitzen eta garatzen jarraitzearen alde egin du.
Haren esanetan, foruen abolizioak euskal erakunde historikoen, autogobernuaren eta eskubide historikoen galera ekarri zuen, eta gaur egun ere euskal nazioa osatzen duten herritarrek beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu du.
Gipuzkoako diputatu nagusia, halaber, autogobernua berritzeko eta indartzeko akordioak bilatzearen alde agertu da, euskara herriaren hizkuntza propioa eta ikurrina nortasunaren ikur gisa aldarrikatuta. Memoria historikoaren garrantzia ere azpimarratu du, gerrak, erbestea, diktadura eta indarkeria gogoratzea ezinbestekotzat joz etorkizuna eraikitzeko. Horrez gain, etorkizunari "indarrez, indarkeriarik gabe" eta balio demokratikoak defendatuz heltzeko deia egin du.
Mendozak defendatu du Euskal Herriak "bere etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea" duela, eta eskubide historikoak eta autogobernua eguneratzeko urrats berriak eskatu ditu.
1976an, Frankismoaren amaieraren ondoren, 70 alkate abertzale bildu ziren Bergaran herriaren nortasuna, udalen tradizio demokratikoa eta autogobernuaren borondatea berresteko.
50 urte geroago, ekimen horren bultzatzaileak omendu dituzte uztailaren 19 honetan, eta haien lekukoa hartuko dute, "euskal nazioa ez dela iraganeko kontua" defendatuz, "egungo behar demokratikoa" baizik.
Herritarren ongizatea eta askatasuna bermatzeko tresna
Testuinguru horretan, Gorka Artola Bergarako alkateak adierazi du foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Bergarako Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena "autogobernuari, erakunde propioei eta herri batek bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubideari" buruz hausnartzeko aukera direla.
Bergarako alkatearen esanetan, autogobernua "ez da helburu bat bere horretan", herritarren ongizatea eta askatasuna bermatzeko tresna baizik. Horregatik, euskal autogobernua indartzea eta eguneratzea defendatu du, herritarren borondate demokratikoan oinarrituta.
Artolak nabarmendu du Bergarak eta Euskal Herriak autogobernuan, memoria historikoan eta nazio izaeraren aitortzan sakontzen jarraitu behar dutela. Haren hitzetan, "konprometituta gaude gure autogobernua garatu dadin, gure nazio izaera aitortua izan dadin eta euskal herritarrok etorkizuna libreki erabaki ahal izateko". Gainera, belaunaldi berriei lekukoa hartzeko deia egin die, "inork ez duelako biderik egiten bakarrik".
EAJ eta EH Bildu, elkarrekin ekitaldian
Ekitaldiaren aitzinean, ostiralean, adierazpen bat argitaratu zuten EAJk eta EH Bilduk elkarrekin, Euskal Herriaren eta Estatuaren arteko harreman politiko berri bat eskatzeko. Bergarako Adierazpena izeneko testuak gaurko efemerideak euskal autogobernuaren defentsarekin lotzen ditu, eta "elkarrekiko errespetuan oinarritutako" zein "bi subjektu politikoren arteko aitortzan oinarritutako harremana" aldarrikatu dute.
Kontrara, Euskadiko Alderdi Sozialistak lehentasun nazionala aipatu du berriz ere. Larunbatean, Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Jose Antonio Asensiok alderdi nazionalistei leporatu zien "gizartea zatitzea" eta "gizarte nazionalista hutsa" eraiki nahi izatea.