Cinco Villaseko sutea garapen baikorra izaten ari da eta sua Nafarroatik urrundu egin da
Zazpi udalerri ebakuatu behar izan dituzte inguruan, Petilla Aragoi Nafarroako herria tartean. Guztira, 15.800 hektarea erre dira, eta hustu behar izan dituzten herriez gain, beste zazpi udalerri aurreabisuan daude.
450 pertsona ari dira Zaragozako sutean lanean. Argazkia: EuropaPress
Asteazkenean Oresen (Zaragoza) piztu zen sutea bilakaera ona izaten ari da azken orduotan baina Nafarroako Petilla Aragoi herriak arriskuan egoten jarraitzen du. Herriko 30 bizilagunak etxetik kanpora daude prebentzioz, nahiz eta iparraldeko haizeak sugarrak herritik 5 kilometrora geldiarazi zituen ostiralean.
"Suteak gaur izan duen bilakaerarekin baikorrago egon gaitezke", jakinarazi du Roberto Bermudez de Castro Aragoiko Gobernuko Barne sailburuak, Cecopiren bileraren ostean.
15.800 hektarea erre dira orain arte, zazpi herri ebakuatu dituzte eta beste zazpi aurreabisuan daude, datozen orduetan ebakuatu edo konfinatu beharko balituzte ere.
Larunbat arratsaldean haizeak ekialdetik mendebaldera egin du eta garrak erretako lurretara itzuli dira, horrek nolabaiteko "lasaitua" eman dio egoerari.
SOS Nafarroak alerta egoeran mantentzen du, dena dela, ingurua, sugarrak berriro Petillara eramango lituzkeen haize aldaketa baten aurrean. Suhiltzaileek eta basozainek perimetro bat egin dute udalerriaren inguruan, baina agintariek ebakuazioari eustea erabaki dute.
Bitartean, Nafarroako suhiltzaile zerbitzuak sua itzaltzeko lanean ari dira Petillatik hurbilen dauden sutearen gunean. Zangoza eta Tafallako hogei bat suhiltzaile eta hiru helikoptero mobilizatu dituzte.
15.800 hektarea erre dira
Guztira, Cinco Villaseko suteak 15.800 hektarea erre ditu, 80 kilometro inguruko perimetroan, eta, Nafarroako Petillaz gain, Aragoiko sei herri hustu behar izan dituzte: Ores, Asin, Luesia, Malpica de Arba, Peraltilla eta Uncastillo. Orain arte udalerririk kaltetuena Asin da; han gutxienez hamar etxebizitza kaltetu dira.
Beste zazpi udalerri aurreabisuan jarri dituzte prebentziozko ebakuazioa egin behar bada ere: Longas, Isuerre, Lobera de Onsella, Sos del Rey Catolico, Navardun, Urries eta Castiliscar.
Roberto Bermudez de Castrok azaldu duenez, perimetroa "ez da hazi" eta sutea, egonkortzetik "urrun" dagoen arren, ez dago kontrolik gabe, aurreko egunetan bezala.
Datozen orduetarako kezka nagusia perimetro barruan gerta daitezkeen erreprodukzioak dira, barne eremu batzuk ez baitira erre.
Erreprodukzio horiek perimetrotik kanpora salto egiteko ahalmena izan lezakete, gainera, bereziki Uncastillo inguruan.
Gauzak honela, 450 pertsona inguruk osatzen duten operatiboak haizearen aldaketari adi jarraituko du datozen orduetan, aurrea hartu ahal izateko, neurri egokiak ezartzeko eta suaren balizko hedapenak saihesten saiatzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera