Altza eta Pasaia artean Topoaren maiztasuna bikoiztuko dute uztailaren 18tik aurrera
Saihesbide berriari esker, Amararekin lotura 7,5 minutuan behin egingo dute trenek. Martxan jarri arte, hilabetez, ibilbide berrian trebatzen egon dira 150 makinista.
Agintariak instalazio berrietan, gaur. Argazkia: Irekia.
Uztailaren 18tik aurrera, Topoak saihesbide berria izango du eta, bi kilometroko lurpeko zati horri esker, Altzatik (Donostia) eta Pasaiatik maizago joango dira trenak Amararaino.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailak eta Euskal Trenbide Sareak (ETB) gaur aurkeztu diete kazetariei ibilbide berria. Duela 10 urte, 2016an, luzatu zuen Topoaren ibilbidea Herrera auzotik Altzaraino; orain, Galtzarabordaraino (Errenteria) heltzen da.
Saihesbideaz gain, Pasai Antxoko lurpeko geltoki berria ere zabalduko dute hilaren 18an. Une horretatik aurrera, Amararako loturaren maiztasuna bikoitza izango da: lanegunetan eta asteburu arratsaldetan 7,5 minutuero ibiliko dira trenak (orain, 15 minutuan behin); asteburu goizetan, 15 minutuero (gaur egun, 30 minutuan behin) eta larunbat gauetan, 30 minutuero (orduero dabiltza orain).
Konexio berri horiei esker, halako bi izango da ibiliko diren trenen kopurua: egungo 136ren ordez, 274 ibiliko dira. "Garraio publikoaren zerbitzua nabarmen hobetuko da", azpimarratu dute proiektuaren arduradunek.
Duela hilabete hasi ziren ETSko teknikariak ibilbidea ikuskatzen, eta tarte horretan, 150 makinista trebatu dituzte gidari lanetan ibiltzeko.
Itxaronaldiak murriztu
Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu duenez, maiztasun berriekin, Gipuzkoako tren zerbitzuan itxaronaldiak murrizteko "jauzi handia" egingo du Sailak. "Orain arte Amara-Herrera tartean gertatzen zen bezala, aurrerantzean Pasaian eta Altzan bizi direnek ez diote erlojuari hainbeste begiratu beharko", esan du pozarren.
Maiztasun handitzeko, trenen flota handitu behar izan du ETSk, eta CAF enpresa ari da bost unitate berri fabrikatzen. ETSk Eusko Jaurlaritzaren funtsekin egin ditu obrak.
Azkenik, Pasai Antxoko lurpeko geltoki berriak auzoaren itxura aldatuko du eta egungo trenbide saihesbidea eraistea ahalbideratu. Gainera, geltokiaren gainean espazio publiko berria sortu da: Gure Zumardia plaza.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera