Zuzendu dituzte euskaraz egindako baxoko matematikako azterketak
Proba euskaraz egiteko hautua egin zuten ikasleak zoriondu egin ditu Seaskak. "Egoera korapilatsua eta nahasgarria izan arren, ausardiaz eta erantzukizunez jokatu dute", esan du Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak.
Baxoa euskaraz egin ahal izatea eskatzeko egindako protesta bat. Argazkia: EITB.
Ipar Euskal Herriko hainbat ikaslek euskaraz egin zituzten baxoko matematikako azterketak zuzendu egin dituztela jakinarazi du ostiral honetan Seaskak. Gaur eman dizkiete emaitzak ikasleei.
"Zinez pozten gaitu euskaraz egin diren probak zuzenduak izan direla jakiteak. Horregatik, Bordeleko Errektoretza eskertu nahi dugu, euskarazko probak zuzentzeko egin duen hautuagatik eta, horren bidez, ikasleen aukera-berdintasuna bermatzeko erakutsi duen borondateagatik", esan du Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak, ohar batean.
Seaskako Bernat Etxepare lizeoko hainbat ikaslek desobedientziara jo zuten eta baxoko matematikako azterketa euskaraz erantzungo zutela iragarri zuten maiatzaren hasieran, zuzenduak edo zigortuak izango ziren jakin gabe. Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroarekin izandako bileretan zuzenketak egingo zirela iradoki zitzaien, baina erabateko ziurtasunik ez zuten.
Gaur zabaldutako idatzian, proba euskaraz egiteko hautua egin zuten ikasleak zoriondu egin ditu Seaskak. "Egoera korapilatsua eta nahasgarria izan arren, ausardiaz eta erantzukizunez jokatu dute, eta hori bereziki azpimarratu nahi dugu".
Heldu den urtean ikasleen "ziurgabetasun-egoera" bera bizi ez dezaten, ikastolen federazioak Frantziako Hezkuntza Ministerioari eskatu dio "uda honetan baxoan euskararen —eta gainerako hizkuntza gutxituen— lekua arautzeko argitaratuko duen dekretuan matematikako proba ere jasotzea".
Amaitzeko, baxoa osorik euskaraz egitearen alde azken hilabeteotan mobilizatu eta atxikimendua erakutsi duten herritar zein eragile guztiak eskertu dituzten oharrean. "Ikasturte honetan urrats garrantzitsuak eman ditugu ikasleen hizkuntza-eskubideak eta aukera- berdintasuna bermatzeko bidean. Horrelako aitzinamendurik ez litzateke posible izan guztion mobilizaziorik gabe", amaitu dute komunikatua.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera