Almeriako sutea: 12 pertsona hil dira, beste 23ren berririk ez dago eta lau zauritu larri daude
Juanma Moreno Andaluziako presidenteak eman du albistea, eta argitu du zendutako ia gehienak atzerritarrak direla. Desagertutakoen harira esan du ez direla zertan hilda egon behar, "ezta gutxiago ere". Oraingoz, Guardia Zibilak ez du biktima gehiago topatu etxez etxe egindako miaketetan.
12 pertsona hil dira bart Los Gallardoseko (Almeria) paraje batean piztutako baso sutean, Juanma Moreno Andaluziako presidenteak jakinarazi duenez. 11 ziren hildakoak, baina azken orduetan gorpu bat topatu dute, eta horrek igo du zifra. Halaber, 23 pertsona topatu ezinda daude. Zortzi lagun zauritu dira sutean, eta horietako lau larri daude.
Antonio Sanz Andaluziako jarduneko Larrialdi kontseilariak jakinarazi duenez, hildakoak "satarte batean sartu ziren, eta ez zegoen ihes egiteko modurik". Lau pertsona, denak atzerritarrak (ziurrena britainiarrak), auto batean zihoazen. Gainerako beste zazpi biktimak oinez ari ziren sugarretatik ihesi, bederatziko talde batean. Bi onik atera dira. Hildakoen artean, Espainiako nazionalitatea zuen bat eta atzerritarrak (Erresuma Batukoak eta Belgikakoak omen) ziren sei daude.
Aurkitu ezinda dauden pertsonen inguruan, 7 desagerpen salaketa aurkeztu dituzte, baina halere, 23 lagunen berririk ez da —ez du esan nahi hilda daudenik, isolatuta eta inkomunikatuta egon daitezke, eta aterpetxe edo erietxe batean—. Hala, iragarri du Guardia Zibila etxez etxe joango dela desagertutako horien bila. Oraingoz, egindako miaketetan ez dute hildakorik aurkitu.
Juanma Moreno Andaluziako presidenteak azaldu duenez, sutea zabaltzen hasi zenean barreiatuta bizi ziren pertsonak banan-banan abisatzen joan ziren agenteak. Batzuei etxean geratzeko eskatu zieten, eta beste batzuk beste leku batera ebakuatu zituzten. "Batzuek ez zuten kasu egin", deitoratu du presidenteak. Horren ildoan, "agintarien gomendioak beti jarraitzeko" deia egin du. "Gure lehentasuna biktima gehiago ez egotea da", erantsi du.
Lau pertsona larri daude, erredurekin, eta Sevillara eraman dituzte, Virgen del Rocio erietxeko erredura handiko unitatean artatzeko.
Andaluziako Juntak hiru dolu egun ezarri ditu.
"Oso sute zail eta azkarra"
Larrialdi kontseilariak azaldu duenez, sua bart piztu zen eta oso azkar zabaldu zen. Lehen datuen arabera, linea elektrikoaren kable batek sortutako txinparta batek eragin zuen sutea. Garrak "aparteko abiadan" hedatu ziren, une horretan zegoen "haize gogorra" tarteko.
Gainera, sakan askoko gunea da, oso malkartsua, eta beraz, zaila da bertara makina handiak sartzea; "makinaria hori gako da halako suteak amatatzeko", argitu du. "Oso sute zaila da", deitoratu du.
Suteak bi gune ditu. Batetik, eskuinekoa, kezka gehien eragiten duena. Izan ere, labore eremu batera zabal daiteke, itzaltzeko zailagoa, beraz. Bigarren zatian, ezkerrekoan, garrak "oso bizi" daude, baina ez daude horren arduratuta gertu autobidea dagoelako (suebakia da).
Ohartarazi duenez, haizeak norabidea aldatuko duen beldur dira; horrek are gehiago zailduko lituzke itzaltze lanak.
Morenok nabarmendu duenez, "azken urteotan izan dugun sute azkar eta zailenetako bat dugu" Los Gallardosekoa. "Sasia dago nonahi, eta dena lehor dago, bero boladen ondorioz. Gainera, suaren erregai perfektuena ere badugu: haizea. Erloju-bonba hutsa da", adierazi du. Hala, iragarri du "egunak" beharko dituztela sua kontrolpean hartzeko.
Ebakuazioak eta jarritako baliabideak
Almokatizar, Fuente del Albarico, Los Pinos eta La Serenako bizilagunak ebakuatuta daude, baita gertu dagoen Bedar herriko Pinarreko etxebizitzak ere. Eguerdian, Alfaixeko 400 lagun ebakuatuko dituztela iragarri dute agintariek. Guztira, 1.405 pertsona atera dituzte euren etxeetatik.
Andaluziako Juntaren arabera, 500 bat suhiltzaile daude lanean, 124 ibilgailu eta 20 helikoptero. Itzaltze lanoi Larrialdietarako Unitate Militarraren (UME) soldaduak batu zaizkie. 4.000 hektarea inguru kiskali ditu suak.
Errepide sareari dagokionez, itxita daude AL-6109 (0-8 kilometroak) errepidea, N-340A (511. kilometrotik aurrera).
Halaber, sugarren norabidea ikusita, badazpadako neurri gisa, El Marchal herritik 50 bat pertsona atera dituzte arratsaldean, eta berriro ere, A-7 autobidea itxi dute zati batean.
Los Gallardos Almeria erdigunean dagoen herri txiki bat da, 3.000 biztanle pasatxokoa. Mojacar udalerri turistikotik zortzi bat kilometrora dago.
Agintarien doluminak
Juanma Moreno Andaluziako presidenteak bertan behera utzi du gaurko aurreikusita zegoen gobernu berriaren kargu hartzea. Politikariak "erabateko atsekabea" agertu du eta doluminak helarazi dizkie biktimen gertukoei. "Saminak jota gaude tragedia eta albiste tamalgarri horren aurrean", idatzi du X sare sozialean eskegitako mezu batean.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere X erabili du sutearen ondorioak eragindako "atsekabe eta nahigabea" adierazteko. Gerora kaleratu duen beste mezu batean jakinarazi du Morenorekin hitz egin duela eta bi gobernuak "elkarlanean" ari direla sutea itzaltzeko.
Oposizioburuak, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak suteak eragindako egoera "ikaragarria" deitoratu du eta doluminak eman dizkie 11 biktimen senitartekoei. Almeriako bizilagunei "indarra" helarazi die, egoera zail honetan.
Euskaditik, Imanol Pradales lehendakaria Juanma Moreno Andaluziako presidenteari zuzendu zaio eta "Euskadiren elkartasuna azaldu dio Andaluziako herriari". Sare sozialen bidez, doluminak helarazi dizkie hildakoen senitarteko eta lagunei, "Euskal Herriaren izenean".
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak doluminak eman dizkie hildakoen senitarteko eta lagunei, eta Foru Erkidegoko baliabideak Andaluziaren esku utzi ditu "lagundu ahal dugun horretan laguntzeko", adierazi du.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere tristura agertu du gertatutakoarengatik. "Gure gogoa biktimekin dago eta euren familiekin. Babes guztia Espainiari eta larrialdi honi aurre egiten ari diren suhiltzaile eta langile guztiei", idatzi du Von der Leyenek X sarean.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadik beroari lotutako ia 300 heriotza posible erregistratu ditu udan
Adinari begiratuta, hildakoen % 92k 65 urte baino gehiago zituen, Carlos III.a Osasun Institutuaren Eguneko Hilkortasuna Monitorizatzeko Sistemaren (Momo) kalkuluen arabera.
Bizkaiko pentsiodunek manifestazioa egin dute gaur Bilbon, Aste Nagusi bete-betean, beste behin ere pentsio duinak aldarrikatzeko
Aste Nagusiko giroan deitu dute manifestazioa, pankarta nagusiaren leloak dion bezala, "Jaietan ere, pentsionistak kalean" daudela gogorarazteko. Eusko Jaurlaritzaren jarrera gogor kritikatu du mugimenduak, euren herri-ekimen legegilea aldez aurretik atzera bota izana salatuz. Pentsio minimoa gutxieneko soldatarekin berdintzea eta osasun zein zaintza-sistema publiko, unibertsal eta doakoak bermatzeko deia egin dute.
Giro aparta Bilbon, lehiaketa gastronomikoan, bilbainadekin, eta publiko guztientzako hamarnaka jardueratan
Musika, antzerki eta dantza ikuskizunak tradizio jarduerekin uztartuko dira astelehen honetan, hala nola lehiaketa gastronomikoarekin, zezensuzkoarekin eta su artifizialekin. Gaur Athleticeko jokalarien harrera izango da eta Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioa egingo du.
Gernikako gaztetxeko kideek Udalak bertan egin nahi duen liburutegiko obrak atzeratzeko eskatu dute, alternatiba seguru bat izan arte
Duela urtebete baino gehiago okupatu zuten Gazte Asanbladako kideek “hamar urte baino gehiagoz hutsik” egon den eraikina.
Gizon batek sexu-erasoa egin dio emakume bati Iruñean, eta erasoa eragozten saiatu den pertsona bat jo du
Gainera, beste gizon bat atxilotu dute Nafarroako hiriburuan, bikotekide ohia kalean jo omen duelako.
Osasun Ministerioak eta erkidegoek Ceutara 45.000 txerto bidaltzea adostu dute
Ceutak hirukoitz birikoaren 15.000 dosi eta difteria-tetanos, barizela zein polioaren aurkako 30.000 jasoko ditu, uztailaren amaieran iritsitako adingabe migratzaileei txertoa jartzeko.
Nafarroako Gobernuak eta Petilla Aragoiko Udalak 150.000 eurotik gorako plana adostu dute, datozen suteen aurrean herria babesteko
Udako sute larriaren ostean, suebaki berriak, bigarren ur-putzu bat eta gazteentzako abeltzaintza-proiektu bat abiatzea adostu dute.
Biobizkaiak osasun-produktu pertsonalizatuak fabrikatuko ditu 3D inprimaketaren bidez
Lizentzia horri esker, Aurpegi-masailetako Kirurgia, Bihotz-hodietako Kirurgia, Traumatologia, Otorrinolaringologia eta Onkologia Erradioterapikorako produktuen bost familia fabrikatu ahalko dira.
Hondarribiko Alarde tradizionalak utzi egin du gatazkari konponbidea emateko elkarrizketa prozesua
Udalak kezka agertu du erabakiaren aurrean, baina gatazka sozialari konponbide partekatu eta iraunkorra bilatzeko lanean jarraituko duela berretsi du.
A8an Abanton Kantabriarako noranzkoan sortu diren auto-ilarak amaitu dira dagoeneko
Kantabriarako norantzan erreietako bat itxi behar izan dute lanak egin ahal izateko, eta, ondorioz, auto-ilara luzeak sortu dira inguru horretan, baina, behin lanak amaituta, konpondu dira ilarak ere.