Arartekoak atxilotuen jatorriaren argitalpena datua garrantzitsua den kasuetara mugatzea gomendatu dio Segurtasun Sailari
Ebazpenak eskatzen du kasu bakoitza banan-banan baloratzea eta kaltetuen interesak eta eskubideak neurtzea. Ikertuen eta biktimen jatorriaz ere gomendio berbera egiten du.
Arartekoaren erakundeak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari gomendatu dio Ertzaintzaren komunikazio publikoetan atxilotuen, ikertuen eta biktimen jatorriaren argitalpena mugatzeko eta datu hori esanguratsa den kasuetan soilik argitaratzeko. Kasu bakoitza banaka baloratzeko eskaera egin du eta, datuak eman aurretik, pertsonen eskubideak eta interesak kontuan hartzea gomendatu du.
Joan den urrian, atxilotuen jatorriari buruzko informazioa ematen hasi zen Segurtasun Sailaren Komunikazio bulegoa. Ondorioz, Arartekoak ofiziozko espediente bat hasi zuen, eta Segurtasun Sailari argitalpen horien zergatiaz galdetu zion. Gogorarazi zuen hamarkada bat lehenago egindako gomendio batean adierazi zuela poliziaren prentsa-oharretan "saihestu egin behar direla informazioa osotasunean ulertzeko behar-beharrezkoak ez diren nazionalitateari buruzko aipamenak".
Oraingo honetan, kasu bakoitza banaka aztertzeko eskatu du erakundeak eta pertsonen interesak eta eskubideak kontuan hartzeko. Ondorioz, datu horren argitalpena "garrantzi publikoa duenean edo interes orokorreko informazioa testuinguruan kokatzeko funtsezkoa denean" soilik egiteko gomendatu du.
Arartekoak aitortu du "gardentasun instituzionalaren, informazioa eskuratzearen eta desinformazioaren aurkako borrokak" duen "garrantzia". Hala ere, Segurtasun Sailak izan ditzakeen helburu horiek "kolektibo jakin batzuekiko aurreiritziak, estereotipoak eta estigmatizazioa sortzea saihesteko betebeharrarekin bateratu behar direla" uste du.
Erakundearen iritziz, "administrazio publikoek zabaldutako informazioak eragina du immigrazioa, delinkuentzia eta herritarren segurtasuna bezalako gaiei buruzko gizarte-pertzepzioan", eta " justifikatu gabeko interpretazioak eta loturak eragin ditzake jatorriaren eta delinkuentziaren artean".
Beraz, uste du ez dagoela justifikatuta "nahitaez, prentsa-ohar guztietan oro har txertatzea", eta gomendatzen du argitaratzea "estereotipoen eta estigmatizazioaren aurka borrokatzeko; edo beste helburu legitimo batzuk lortzen laguntzen duenean, hala nola buloei aurre egitea edo gizarte demokratiko batean informazioaren kalitatea sustatzea".
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera