PPk alkategai berdinekin jarraituko du Bilbon, Donostian eta Iruñean eta Iñaki Garcia Calvo estreinatuko da Gasteizen
Alderdi Popularrak datorren urteko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako hiriburuetarako hautagaitzak ofizial egin ditu gaur Galizian, Santiagon, egindako ekitaldi batean.
PPko hautagaien aurkezpen ekitaldiaren amaieran ateratako familia argazkia. EFE
Datorren urteko maiatzean egitekoak diren udal hauteskundeei begira, Espainiar Estatuko probintzietako hiriburuetako 50 alkategaiak bildu ditu gaur Alderdi Popularrak Santiagon, Galizian, aurkezpen ofiziala egiteko. Ekitaldian, hitzaldi labur bana eman dute hautagaiek.
Orain arte haugai izan direnek gehienek errepikatu egingo dute karguan, baina badira berrikuntzak ere.
Hego Euskal Herriaren kasuan, Esther Martinez izango da Bilboko hautagaia berriz ere, Borja Corominas izango da Donostiakoa eta Carlos Garcia Adanerok errepikatuko du Iruñean. Berrikuntza izango da Gasteizen, eta Iñaki Garcia Calvok ordezkatuko du Ainhoa Domaica hautagai gisa. Arabako hiriburuko alkate izate "ametsa" litzatekeela esan du Garcia Calvok.
Oro har, EAEko zein Nafarroako PPko hautagaiek EAJ, EH Bildu eta Alderdi Sozialistaren aurka egin dute, eta alternatiba posible bakar gisa aurkeztu dute euren burua.
Estatuko gainerako alkategaiek Pedro Sanchezen gobernuarekin eta sozialisten udalekin amaitzeko helburua berretsi dute. Horretarako, baina, horietako askok ituna egin beharko dute VOXekin, eta badirudi batzuk horien diskurtsoa bere egiten hasi direla. Lleidako hautagaiak, esate baterako, "ordezkapen kulturala eta islamizazioa gelditzea" aipatu ditu bere helburuen artean.