Giza Eskubideen Behatokiaren txosten batek Estatuko aparatuak lotu ditu Perturren desagerpenarekin
40 orrialdeko txosten baten bidez, ondorioztatzen du Perturren desagerpena Estatuko aparatu polizial edo parapolizialen operazio baten ondorio izan zela, eta haren ingurune politikotik etorritako lankidetza batek erraztu zuela.
Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur desagertu zenetik mende erdia betetzear denean, Giza Eskubideen Behatokiak egindako ikerketa batek ondorioztatu du 1976ko uztailaren 23an gertatutakoa azaltzeko hipotesirik sendoena dela Estatuko aparatu polizial edo parapolizialek egindako operazioa izan zela. Horretarako, hori bai, Perturren ingurune politikoko norbaiten laguntza izango zuten, txostenaren arabera.
40 orrialdeko txostenak hamarkadetan pilatutako dokumentazioa berrikusi du, lekukotasun berriak jaso ditu eta Trantsizioko kasu ezagun hau berrinterpretatu du.
1979. urtea eta gerra zikina
Txostenak jasotzen du nola urte luzez indar handia izan duen barne-garbiketaren hipotesiak. Horren arabera, ETA politiko-militarraren barruko barne-kontuen ondoriozko mendekua izan zen Perturren hilketa. Hala ere, txostenaren egileek diotenez, eskuragarri dauden frogen arabera, koherenteagoa litzateke pentsatzea ‘gerra zikinaren’ testuinguruko ekintza bat izan zela, euskal militante eta errefuxiatuen aurkakoa.
Ikerketak Perturren desagerpena 1976an izandako jarduera parapolizial aktiboaren testuinguruan kokatzen du. Urte hartan ezker abertzaleko buruzagien aurka atentatuak, mehatxuak eta bahiketa saiakerak ugari izan zirela gogorarazten du.
Halaber, txostenak azpimarratzen du Pertur bera eta haren familia mehatxuen, etxebizitzaren aurkako erasoen eta publikoki seinalatzeko kanpainen jomugan egon zirela, batez ere desagertu aurreko hilabeteetan.
Perturren konfiantzazko ingurunea
Ikerketaren argudio nagusietako bat da Pertur bizi zen klandestinitate egoerak oso zail egiten zuela hura aurkitzea konfiantzazko ingurutik zetorren informaziorik gabe. Txostenaren arabera, 1976ko uztailaren 23 hartan Behobian egin behar zuen hitzordua erakundearen barrutik baino ezin zen ezagutu; horregatik, egileek uste dute barneko lankidetza edo filtrazio bat egon zela, haren kokapena erraztu zuena.
Hala ere, txostenak baztertu egiten du horrek esan nahi izatea ETA politiko-militarreko kideak izan zirela bahiketaren eta desagerpenaren egile materialak.
Bestalde, hamarkadetan errotu diren zenbait interpretazio ere zalantzan jartzen ditu; esaterako, Perturrek ETAren etorkizunari buruz zituen desadostasun politikoek barne-hilketa justifikatzen zutela zioen tesia. Egileen arabera, Perturrek idatzitako Otsagabiako Ponentziak ez zuen borroka armatua uztea proposatzen; aitzitik, erakundearen egitura politiko-militarra berrantolatzea planteatzen zuen. Horrenbestez, uste dute argudio hori geroago erabili zela oinarririk ez zuen hipotesi bat indartzeko.
Italiako pista
Txostenak ‘Italiako pista’ deiturikoa ere berreskuratzen du. Bide hori Italiako Justiziak ikertu zuen 1980ko hamarkadan, eta gero Angel Amigoren El año de todos los demonios dokumentalak jorratu zuen. Ikerketa-ildo horren arabera, Italiako talde neofaxista batek Frantzia hegoaldean ETAko militanteen aurkako operazio klandestinoetan parte hartu zuen, Espainiako segurtasun zerbitzuetako sektoreen aginduz edo haien babesarekin.
Hala, ikerketak ondorioztatzen du Perturren desagerpena bi dinamiken emaitza izan zela: alde batetik, haren ingurune politikotik etorritako salaketa edo informazio-filtrazio bat, eta, bestetik, Estatuari lotutako egitura parapolizialen esku-hartzea. Hala ere, aitortzen du froga berririk agertu edo haren gorpuzkien nondik norakoak argitu arte, gertatutakoaren erantzuleen identifikazio behin betikoa egiteke egongo dela.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik