Lehendakaria harremanetan jarri da Puigdemontekin eta adierazi du president ohia itzultzeko garaia dela
EAJk auzitegiei eskatu die "legea behingoz aplikatzeko", eta EH Bilduk azpimarratu du gatazka politikoak ez direla "auzitegietan konpontzen, ezta errepresioaren bidez ere".
Imanol Pradales lehendakariaren ustez “albiste bikaina” da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia, eta iritzi dio horrek “atea behin betiko ireki beharko" lukeela Puigdemont presidentea "etxera itzultzeko”. Pradales, epaiaren berri jakin ondoren, Carles Puigdemontekin harremanetan jarri da, EITBk jakin duenez.
Sare sozialetan katalanez, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratutako mezu batean, Pradalesek adierazi du “ezinbesteko urratsa" dela "Katalunian normalizazio politikoa eta bizikidetza lortzeko”
“Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia albiste bikaina da Kataluniarentzat. Behin betiko ireki beharko luke atea Puigdemont presidentea etxera itzultzeko. Ezinbesteko urratsa da Katalunian normalizazio politikoa eta bizikidetza lortzeko. Orain, espero dugu Espainiako justiziak azken pausoa lehenbailehen ematea. Kataluniak eta Estatu osoak behar dute”, adierazi du.
EAJren erreakzioa
EAJk, bere aldetik, Espainiako auzitegiei eskatu die "mugi" daitezela eta amnistiaren legea aplika dezatela, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak babestu du eta, "Kataluniako normalizazio politikoa" sustatzeko.
EAJko presidente Aitor Estebanek sare sozialetan adierazi duenez, "gatazka politikoak politikaren esparruan konpondu behar dira" eta "'procésaren judizializazioa akatsa izan zen".
"Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Kongresuan onartu genuen amnistiaren legea babestu du gaur. Orain Espainiako auzitegiek behingoz aplikatu behar dute, eta Katalunian bizikidetza eta normalizazio politikoa sustatzen lagundu", adierazi du.
EH Bilduren erantzuna
Bestalde, EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile Mertxe Aizpuruak adierazi du ostegun honetan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren amnistia legeari buruzko epaiak araua "babestu" egiten duela, eta orain "aplikatzeko garaia" dela, baita "behingoz irtenbide politikoetarako bidea irekitzekoa ere".
“Europak amnistia legea babestu du, eta berriz ere arrazoia kendu die Espainiako botere judizialean Kongresuko gehiengoak demokratikoki onartu zuen lege baten aurka jarri zirenei", adierazi du Aizpuruak, X sare sozialean argitaratutako mezu batean.
“Horrek aspalditik defendatzen ari garena mahai gainean jarri du: gatazka politikoak ez dira auzitegietan eta errepresioaren bidez konpontzen; elkarrizketaren, negoziazioaren eta demokraziaren bidez baizik. Orain, amnistia Herrialde Katalanetako errepresaliatu guztiei aplikatu behar zaie, eta, behingoz, soluzio politikoei bidea ireki”, gehitu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik